Aizpuru eta Egaña nagusitu dira Debako Emakumeen Pala Txapelketa Azkarrean

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 1a

Txapelketako finalistak: Aizpuru eta Egaña (gorriz) eta Albizu eta Furones (urdinez).

Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak antolatutako urteko lehen lehiaketak giro bikaina eta adin ezberdinetako pilotariak elkartu zituen atzo (maiatzak 31) Aldats pilotalekuan. Antolatzaileek azaldu dutenez, guztira hamabi emakumek hartu zuten parte.

Txapelketari dagokionez, zozketa bidez osatutako sei bikotek neurtu zituzten indarrak. Lehen fasean, parte-hartzaile guztiek elkarren aurka jokatu zuten ligaxka eran. Lehia azkarra zenez, formatu oso dinamikoa izan zen: norgehiagoka bakoitzak bost minutuko iraupena izan zuen, eta erlojuaren aurka erritmo bizia izan zen protagonista.

Hasierako fase horretan bi bikote nabarmendu ziren gainontzekoen gainetik: Amaia Aizpuru azkoitiarrak eta Jone Egaña debarrak osatutakoa, batetik, eta Marilu Albizu eta Maitane Furones debarrek osatutakoa, bestetik. Lau pilotari horiek lortu zuten final handirako sailkapena.

Azken neurketa zazpi minutura jokatu zuten. Lehia estua izan bazen ere, Aizpuru eta Egaña sendoago aritu ziren une erabakigarrietan, eta 7-4 gailendu zitzaizkien Albizuri eta Furonesi. Gainera, txapeldunek meritu handiko lorpena eskuratu zuten, neurketa guztiak irabazita amaitu baitzuten txapelketa.

Balorazio positiboa

Nolanahi ere, antolatzaileek emaitzetatik harago jarri dute arreta. Haien esanetan, sailkapena baino garrantzitsuagoa zen parte-hartzaile guztiek elkarrekin gozatzeko eta pilotaz giro atseginean aritzeko aukera izatea. Horregatik, txapelketaren balorazio baikorra egin dute, helburu hori bete-betean lortu dela iritzita; izan ere, bertaratutako guztiek goiz ederraz gozatu zuten Aldatsen.

Aurtengo edizioak, gainera, berrikuntza garrantzitsu bat izan du. Parte hartzeko gutxieneko adina 12 urtera jaitsi dute, eta erabaki horri esker belaunaldi gazteagoek ere txapelketan parte hartu ahal izan dute, helduagoekin batera kirolaz gozatuz. Horrela, adin ezberdinetako lagunen arteko giro aparta sortu zen kantxan.