Kulunka Dantza Eskolako kideek ikasturte bukaerako jaialdia egingo dute bihar, Deban

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 5a

Iazko jaialdiaren irudi bat. Arg.: Igor Baroja

90 dantzari ariko dira emanaldian; Aldats pilotalekuan izango da, 22:00etan.

Aldats pilotalekuak Kulunka taldearen ikasturte-amaierako jaialdia hartuko du bihar, larunbata. Ikuskizuna 22:00etan hasiko da, eta, antolatzaileek aurreratu dutenez, ordu eta laurden inguru iraungo du. Saioan 4 urtetik gorako 90 ikaslek parte hartuko dute; tartean, baita dantzari helduek ere.

Urtero legez, "emanaldi berezia" izango dela azaldu du Alaitz Izagak, dantza eskolako irakasle eta arduradunak: "Aurten, guztira 21 koreografia taularatuko ditugu pilotalekuan. Eta publikoak hainbat estilotako dantzak ikusteko aukera izango du, bai musikalki, bai koreografiei dagokienez. Denetik egongo da: dantza klasikoak, garaikideak, jazz estiloko piezak eta charlestona, besteak beste".

Aurreko urteetako harrera ona ikusita –iaz, adibidez, 450 ikusle bildu ziren pilotalekuan–, herritarrei aurten ere jaialdira bertaratzeko dei egin diete dantzariek. "Kulunkako kideok hilabeteak daramatzagu emanaldi hau prestatzen. Oso pozik gaude egindako lanarekin, eta prestatu duguna herritarrei erakusteko desiratzen gaude. Beraz, gonbidatuta zaudete guztiok", gaineratu du Alaitz Izagak.

Emanaldirako sarrerak salgai daude, astelehenaz geroztik, Debako Turismo Bulegoan, lau euroan. Sarrerarik geratzen bada, bihar pilotalekuko atean ere izango dira salgai; ateak 21:40an zabalduko dituzte.

'Uda dantzan'

Ikasturteari amaiera borobila eman ondoren, atseden hartuko du orain Kulunkak, baina ez da erabateko geldialdia izango; izan ere, uztailerako Uda dantzan ekimena prestatu dute. Bi txandatan banatu dute egitasmoa: lehena ekainaren 29tik uztailaren 10era –LH3, LH4, LH5, LH6 eta DBH1 mailetako ikasleentzat–; eta bigarrena, uztailaren 13tik 24ra –HH5, LH1 eta LH2koentzat–. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, kulunkadantza@hotmail.com helbide elektronikora idatz daiteke.

Bestalde, ikasturte berrirako matrikulazioa ere zabaldu dute dagoeneko; irailaren 14an ekingo diote kurtso berriari.