'Azokatik Mahaira' tailerra egingo dute Deban larunbatean, hilaren 6an

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 3a

'Azokatik Mahaira' tailerra. (Arg.: Utzitakoa)

Saio irekia izango da, eta Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute.11:00etan hasiko da, Plaza Zaharrean.

Azokatik Mahaira: Sukaldean Behin tailerra antolatu du Gipuzkoako Azoken Sareko lantaldeak Debako Udalarekin elkarlanean. Nutrizio eta sukaldaritza tailer berezia larunbatean, ekainaren 6an, egingo dute, 11:00etatik aurrera, Plaza Zaharreko merkatu txikian bertan.

Proposamenaren ardatza argia da: egun bakarrean, bi ordutan, aste osorako janaria prestatzea. Antolatzaileen esanetan, tailerrean parte hartzen dutenek "sukaldean denbora optimizatzen ikasiko dute, aldi berean dieta orekatu eta osasungarria bermatuz". Horretarako, bertako eta garaiko produktuak erabiliko dituzte, tokiko ekoizleen lanaren garrantzia azpimarratuz eta kontsumo arduratsua sustatuz. Saioa Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatuko dute, "herritarrei eguneroko elikadura modu erraz, osasungarri eta iraunkorrean antolatzeko tresnak eskaintzeko helburuz".

Hiru helburu

Tailer hauek hiru helbururi erantzuteko antolatu ditu Landaola Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak, hainbat udalekin batera, elkarlanean garatzen duten Gipuzkoako Azoken Sarea proiektuaren baitan: azoketara kontsumitzaile berriak erakartzea, bertako eta garaian garaiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratzea eta xahuketa ekiditea.

Hitzorduan parte hartu nahi dutenek ez dute aldez aurretik izena eman beharrik izango, saioa hasterako Plaza Zaharrera bertaratu besterik ez dute.