Immigrazioa izango dute hizpide bihar Kultur Elkartean

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 3a

Arbil Elkarte Sozialak immigrazioari buruzko hitzaldi bat antolatu du biharko (ekainak 4). Hitzordua Kultur Elkartean izango da, 11:00etan hasita, Immigrazioa: Nola sortzen den eta nola kudeatu izenburupean.

Gai horretan sakontzeko, Xabier Aierdi gonbidatu dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ibilbide luzeko profesionala da biharko hizlaria, eta migrazio fenomenoari buruzko ikuspegi zabala eskainiko du: soziologian doktorea, kazetaritzan eta zientzia politikoetan lizentziaduna eta Begirune Fundazioko presidentea da, hain zuzen.

Antolatzaileen esanetan, solasaldiaren helburua da migrazio fenomenoa ikuspegi zabal batetik aztertzea eta hausnartzea, pertsona askok beren herrialdeak uztera bultzatzen dituzten arrazoiak azalduz eta egungo migrazio prozesuak nondik nora doazen jorratuz.

Horretarako, aurreratu dutenez, ohiko topikoetatik haratago joanda, hainbat galdera jarriko ditu mahai gainean biharko gonbidatua: milioika lagunek beren jaioterria zergatik uzten duten; probreziak, gatazkek, klima-aldaketak edo desberdintasun globalek duten eragina; egoera nola kudeatzen duten gobernuek eta horiek nola kontrolatzen dituzten migrazio fluxuak; eta immigrazioak harrera-herrialdeetan sortzen dituen onurak eta mehatxuak. Era berean, dibertsitate kulturalak nortasuna galdu gabe elkarrekin bizitzeko sortzen dituen erronkak ere izango ditu hizpide Aierdik.

Arbileko kideek azpimarratu dutenez, galdera horiei eta beste hainbati erantzunak ematea izango da jardunaldiaren xedea; herritar guztiak gonbidatu dituzte hausnarketarako eta ezagutzarako jardunaldian parte hartzera.