Aurten, guztira, 432 lan aurkeztu dira Bergarako Udalak antolatutako sariketara, hainbat adin eta kategoriatan banatuta –ipuin idatziak, poemak, bertsoak, komikiak eta interpretazio eta kontaketa lanak–, eta horietatik 39k jaso dute aitortza. Joan den larunbatean, maiatzaren 30ean, egin zuten sari-banaketa ekitaldia, Bergarako Seminarixoan, eta bertan, lehiaketara aurkeztutako lanen aniztasuna eta kalitatea nabarmendu zituen epaimahaiak.
250 euroko bi bonu
2010ean edo aurretik jaiotakoei dagokien bosgarren kategorian lehiatu da Ione Fernandez; bai ipuin idatzien atalean, bai poesian. Eta bi kasuetan eskuratu du lehenengo saria, Hutsuneak ipuinari eta HarrAMAzkak bihotzean olerkiei esker. Horiek horrela, Bergarako saltokietan erabiltzeko 250 euroko bi bonu poltsikoratu ditu idazleak, sari gisa. Bergarako Udaleko Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi Jexux Mari Telleriaren eta Euskara zinegotzi Eider Usobiagaren eskutik jaso zituen sariak larunbateko ekitaldian.
Ez da lehiaketa horretan Fernandez saritzen duten lehenengo aldia; izan ere, iaz bigarren saria eskuratu zuen, Erruaren orruak ipuinarekin.