Arbil Elkarte Sozialak bere ohiko ekimenekin jarraitzen du eta, oraingoan, Legazpi eta Oñati ezagutzeko irteera antolatu du datorren ostegunerako (ekainak 11). Parte hartu nahi dutenek, ohi bezala, aurrez eman beharko dute izena Arbilen bulegoan, hura irekita dagoen ordutegian. Irteeraren prezioa pertsonako 55 eurokoa izango da, eta zenbateko horren barruan sartzen dira bai garraioa bai bazkaria.
Elkarteko kideek txangoaren inguruko hainbat xehetasun ere eman dituzte. Autobusa 09:30ean abiatuko da. Zumardian, hondartza sarreraren parean, jasoko ditu txangoan parte hartzeko izena eman dutenak. Antolatzaileek erantsi dutenez, itzulerako ordua bazkarian bertan erabakiko dute.
Lehen geldialdia Legazpin egingo dute. Bertan, Mirandaola Burdinola eta Chillida Lantoki museoa bisitatuko dituzte. Horrez gain, Legazpiko paper fabrika zaharra ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Goizeko bisiten ondoren, bazkari baten bueltan elkartuko dira. Iragarri dutenez, Oñatin bazkalduko dute. Bazkalostean, berriz, arratsalde libreaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.