Debako Zuhatza elkarteak bazkideen batzarra deitu du gaurko, ostirala, Kultur Elkartean. 19:00etan hasiko da bilera, eta iazko jardunaz, aurtengo erronkez, diru-kontuez eta zuzendaritzako aldaketaz ariko dira, besteak beste, hizketan.
Gogorarazi dutenez, aldaketa askoko urtea izan da hau Zuhatzan, elkartea eraberritze prozesuan murgilduta baitabil azken hilabeteotan. Prozesu horren nondik norakoak eta etorkizunera begira adostutako dinamika berria martxoan aurkeztu zituzten, ekitaldi jendetsu batean, baina abiapuntua baino ez zen izan. Horregatik, esku artean dituzten asmo eta proiektuen berri eman nahi diete, beste behin ere, bazkideei, eta gaurko batzarrera bertaratzeko dei egin diete: "Aurrerantzean ere elkarrekin pausoak ematen jarrai dezagun". Bileraren ondoren, luntxa egongo da.