Arimen Gaua prestatzen hasteko bilera irekia egingo dute gaur Deban

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 8a

19:00etarako jarri dute hitzordua, Kultur Elkarteko liburutegian.

Azken bi urteotan egin bezalaxe, aurtengoan ere Arimen Gaua ospatzeko gogoz daude herritarrak Deban. Hirugarren aldia izango du "euskaratik eta euskaraz, herritik eta herriarentzat" sortutako ekimenak udazkenean, urriaren 31ren bueltan, eta dagoeneko abian dira lehenbiziko prestaketa lanak. 

Aurtengo egitarauren nondik norakoak zehazte aldera, batzar irekia egingo dute gaur, ekainak 8, Kultur Elkarteko liburutegian. 19:00etan hasiko da bilera eta bertaratzeko dei egin diete herritarrei. "Ezinbestekoa iruditzen zaigu ospakizun hau parte hartzailea izatea, hau da, denon artean antolatu eta aurrera ateratzea. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta aberatsagoa izango da egitasmoa", azpimarratu dute.