Amaikak-Bateko kadete mailako neskek ohorezko mailara igotzea lortu dute

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 9a

Debako emakumezkoen lehen mailako kadete taldeak helburua lortu du: datorren denboraldian ohorezko mailan jokatuko du, txapelketako azken jardunaldian Martuteneren aurka husna berdindu ostean.

Azken jardunaldira dena jokoan zuela iritsi zen taldea. Larunbatean (ekainak 6) jokatu zuten hil ala biziko neurketa Errotazarren, eta Martutuneren aurka lortutako puntu bakarra nahikoa izan zuten sailkapeneko lehen postuetan amaitzeko eta, beraz, ohorezko mailara igotzea ziurtatzeko. 

Jokalariek eta taldekideek egunean bertan ospatu zuten igoera herritarrekin batera. Ohikoa bihurtu den moduan, taldeko kideek udaletxeko balkoira igota ospatu zuten mailaz igotzea, herritarren txalo eta animo artean. Plazan bildutako jendeak bero hartu zuen taldea, denboraldi bikain baten amaiera borobilduta.

Egoitz Konde Amaikak-Bateko presidenteak nabarmendu duenez, larunbateko partida "oso serioa" izan zen eta taldeak heldutasun handia erakutsi zuen norgehiagoka erabakigarrian. Martutene aurkari zaila izan arren, debarrek defentsako lan txukuna egin zuten eta ia ez zieten aukerarik eman bisitariei. Kondek, gainera, Errotazarren egon zen giro bikaina ere azpimarratu du: "Martuteneko zaletu ugari etorri zen partida ikustera, eta giro aparta egon zen".

Denboraldi ikusgarria

Xabi Arakistainek entrenatzen duen taldeak denboraldi ikusgarria osatu du. Jokatutako hamabost neurketatik hamar irabazi dituzte, hiru berdindu eta bi bakarrik galdu. Ibilbide sendo horri esker, 33 punturekin sailkapeneko hirugarren postuan amaitu dute txapelketa, bigarren izan den Arrupe Chaminade taldearekin puntuetan berdinduta. Txapelketa Aizkorri Segurak irabazi du, 35 punturekin.

Klubeko presidente ere pozik agertu da taldearen lorpenarekin eta, azaldu duenez, denboraldi osoan egindako lanaren eta ahaleginaren emaitza izan da igoera. Haren esanetan, igoera ez zen denboraldi hasieran jarritako helburu nagusietako bat, baina taldeak erakutsitako mailak eta jokalariek egindako lanak aukera hori errealitate bihurtu dute. "Ez zen hasierako helburuetako bat, baina oso pozik gaude horrela suertatu delako".

Txapeldunorde

Aiert Zinkunegik entrenatzen duen haur mailako mutilen taldeak, berriz, galdu egin zuen igandean (ekainak 7) lehen mailako koparen finala; beraz, ezin izan zuten hainbeste desiratutako txapelarekin borobildu denboraldia. Final handia Mintxetako futbol zelaian jokatu zuten Lagun Onak taldearen aurka, eta garaipena elgoibartarren alde erori zen, 1-0eko emaitzarekin.

Partida oso borrokatua izan zen. Lehen zatia berdinketarekin amaitu zuten, baina bigarren zatia hasi eta gutxira, zorigaiztoko jokaldi baten ondorioz, 53. minutuan Iker Artechek sartutako golari esker aurretik jarri zuen talde elgoibartarra. Debarrek ez zuten amore eman, eta berdinketaren bila jardun bazuten ere, ez zuten zortea aldeko izan eta ez zuten golik sartzea lortu.

Hala ere, Egoitz Konde presidenteak balorazio positiboa egin du taldeak egindako denboraldiaz. Haren hitzetan, "pena bat" izan da finala ezin irabazi izana, baina jokalariek urte osoan erakutsitako lana nabarmendu nahi izan du. "Ikasketa-prozesu bikaina osatu dute eta paregabeko denboraldia egin dute", adierazi du. Zoritxarrez, kirol-emaitzaz gain, albiste txar bat ere utzi zuen finalak. Ibai Espiga jokalariak min hartu zuen; Konderen esanetan, erradio hezurra apurtu zuen. Horren harira, Kondek taldearen babesa helarazi nahi izan dio: "Taldetik animoak bidali nahiko genizkioke; ea lehenbailehen osatzen den".