Gaur goizean banatu dituzte Mendata institutuak eta Zuhatza elkarteak antolatutako euskarazko literatur lehiaketaren sariak. Aurtengo deialdian 223 ikaslek parte hartu dute, eta bost lagunek jaso dute saria, Amets Carrillok, Igor Larrañagak, Alazne Txurrukak eta Nahia Urkaregik osatutako epaimahaiaren erabakiz.
Lehen zikloan, DBHko 1. eta 2. mailan, Lide Agirrezabala nagusitu da, Lotuta izenburuko lanarekin. Elene Arakistainek lortu du bigarren saria, Koloreak nire begietan idazlanarekin, eta Laida Rotetak epaimahaiaren aipamen berezia jaso du, Iluntasunean izarren argia lanari esker. Bigarren zikloan (DBHko 3. eta 4. maila), berriz, Izaro Onekaren Ez da mundua bi koloretan sartzen lanak irabazi du lehen saria, eta Leire Aizpuruak eskuratu du bigarrena, Puzlearen ezkutuko piezak idazlanagatik.
Sariak
Liburu elektroniko bat jaso dute sari gisa ziklo bakoitzeko lehen sarituek, eta Elkar liburu-dendan erabiltzeko 60 euroko opari txartela irabazi dute bigarren sarituek. Bestalde, liburu bat eman diote aipamen berezia lortu duen ikasleari, eta Zuhatzaren poltsa bana ere irabazi dute bostek.