Bihar, hilak 13, ikasturte bukaerako jaialdia egingo dute Gure Kai Euskal Dantzari Taldeko kideek eta Deba Musikal udal musika eta dantza eskolako dantzariek. Emanaldia 19:30ean hasiko da eta 70 dantzari baino gehiago ariko dira oholtza gainean. Kalez Kale txistulari taldeko partaideak, soinu-joleak, dultzaineroak eta trikitilariak izango dituzte bidelagun.
Dantza eskoletan egindako lana erakusteko xedez antolatu dute jaialdia; sei talde aritu dira asteroko entseguetan ikasturtean. Gipuzkoako, Bizkaiko, Arabako eta Lapurdiko dantzek osatuko dute saioa, eta, bukatzeko, fandangoa, arin-arina eta kalejira egingo dituzte, ohi legez.