Bazkide nagusienak omendu ditu Arbil Elkarte Sozialak

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 11

Arbil elkartean egindako bazkarian 80 lagunetik gora elkartu ziren. Aurten bost bazkide omendu dituzte. Argazkiak: Joxerra Larrañaga. 

Joan den igandean (ekainak 7), Arbil Elkarte Sozialak 80 urte edo gehiago dituzten bazkideei gorazarre egin zien, "giro politean" ospatutako bazkari batekin. Elkarteko kideen esanetan, "egun ederra" igaro zuten. Guztira, 82 lagun elkartu ziren ospakizunean. Bertaratutako gehienak elkarteko bazkideak izan ziren, baina haiekin batera zuzendaritza batzordeko kideak eta udal gobernuko zenbait ordezkari ere izan zirela zehaztu dute. 

Ohiturari eutsiz, hildako bazkideen omenezko elizkizunarekin hasi zen jardunaldia. Ondoren, Lubina elkarte gastronomikoan salda hartu zuten eta, bazkaltzen eseri aurretik, egoitzaren aurrean talde-argazkia atera zuten. Bazkalostean, bazkide nagusienak izan ziren ospakizunaren erdigune, eta elkarteko kideek haien ibilbidea eta ekarpena aitortzeko aukera izan zuten.

Aurten, 94 urtetik gorako bost pertsona izan dira omenduak: Agustina Ansola, Pilar Errasti, Pilar Zulaika, Presen Garate eta Jose Larrañaga. Elkarteko kideek azaldu dutenez, lore-sorta bat eta kosmetika produktu batzuk eman zizkieten opari.