Odol-emaileen Nazioarteko Egunaren atarian, odola ematearen garrantzia azpimarratu dute Deban

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 12a

Debako Odol Emaileen Elkarteak belaunaldi gazteak erakarri nahi ditu iazko babes bikainari eutsi eta osasun-erreserbak bermatzeko.

Etzi (ekainak 14), Odol-emaileen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta urteroko hitzordu seinalatu horren harira, odola ematearen beharraz mintzatu dira Debako Odol Emaileen Elkarteko kideak. Helburua argia da: osasungintzarako ezinbestekoak diren odol-erreserbak beharrezko gutxieneko mailen gainetik mantentzea.

Elkartetik gogorarazi dutenez, odola ezin da fabrikatu: “Herritarren borondateari esker bakarrik lor daiteke”. Horregatik, ekintza horren garrantzia ikusarazteko eta emaileen eskuzabaltasuna zein konpromisoa aitortzeko, kartel oroigarri bat jarriko dute egunotan Debako udaletxeko balkoian.

283 odol-emate 2025ean

Azaldu dutenez, odol-emateek ospitaleetako eguneroko jarduna ahalbidetzen dute, besteak beste, kirurgia programatuak, tratamendu onkologikoak eta larrialdietako arreta. Hori dela eta, hornidura egokia bermatzeko funtsezkoak dira dohaintza erregular eta borondatezkoak.

Gipuzkoan dauden 76 ordezkaritzen lanari esker, iaz 27.000 odol-emate inguru bildu ziren lurralde osoan. Debako datuei dagokienez, Luzaro ikastetxean hiru hilabetero egin ziren odol-bilketek honako emaitzak utzi zituzten:

  • Otsailaren 7an: 94 eskaintza eta 80 odol-emate (5 emaile berri).
  • Apirilaren 30ean: 70 eskaintza eta 63 odol-emate (4 emaile berri).
  • Abuztuaren 1ean: 79 eskaintza eta 67 odol-emate (5 emaile berri).
  • Azaroaren 7an: 81 eskaintza eta 73 odol-emate (emaile berri 1).

Guztira, 2025ean 283 odol-emate zenbatu zituzten Deban, eta horietatik hamabost lehen aldiz parte hartu zuten herritarrenak izan ziren. Datuen arabera, 135 emakumek eta 148 gizonek egin zuten dohaintza.

2026rako erronka: 200 odol-emaile lortzea

 

Biztanleriaren datuak aintzat hartuta, elkarteak adierazi du Deban gutxienez 162 odol-emaile egon beharko liratekeela. Iaz lortutako babes bikainaren ondoren —283 ematerekin—, elkarteak erronka berria eta itxaropentsua jarri du martxan 2026 urte honetarako: "Aurten 200 odol-emaile izatera iristea espero dugu”. Helburu hori lortzeko, baina, ezinbestekoa izango da belaunaldi berriak odola ematera animatzea eta emaile berriak erakartzea.