Herri bazkari baten bueltan agurtuko du 2025-2026ko denboraldia Amaikak-Batek

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 12a

Denboraldia agurtzeko, gainera, urteko batzar nagusia egingo dute gaur (ekainak 12). 

Amaikak-Bat Kirol Elkarteak asteburu honetan amaituko du 2025-2026ko denboraldia, urteko batzar nagusia eta herri bazkaria eginda. Azken urteotan bi ekitaldiak egun berean egin izan badituzte ere, aurten bi hitzordu bereizitan egingo dituztela jakinarazi dute klubeko arduradunek.

Urteko batzar nagusia gaur (ekainak 12) izango da, Kultur Elkarteko areto nagusian. Lehen deialdia 19:00etarako da eta bigarrena, berriz, 19:30erako. Zuzendaritzak bazkideei, zaleei eta herritarrei bertaratzeko dei egin die, eta jorratuko diren gaien garrantzia azpimarratu du. Batzarrean hainbat gai landuko dituzte; besteak beste, 2025-2026ko denboraldiko balantze ekonomikoa eta kirol-balantzea, txirrindularitza atalaren denboraldiko balorazioa, hurrengo denboraldirako aurrekontua, bazkideen kuotak eta kirol-plangintza.

Gaurko bileraren ostean, bihar (ekainak 13) ospakizunen txanda izango da. Azken urteotako ohiturari eutsita, denboraldia agurtzeko herri bazkaria egingo dute, Aldats pilotalekuan, 15:00etan hasita. Jokalariek, entrenatzaileek, zuzendaritzako kideek, laguntzaileek, bazkideek eta zaleek elkarrekin ospatuko dute denboraldiaren amaiera; guztira, 375 bat lagun elkartuko dira. Paella izango da eguneko plater nagusia, eta menua hasierako iberikoek eta postreak osatuko dute.