Arbil Elkarte Sozialak festa giroan agurtuko du ikasturtea

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 12a

San Antonio eguneko ospakizuna Sasiolan. Argazkia: Joxerra Larrañaga

Lagunarteko bi hitzordu izango dira egunotan: San Antonio eguneko ospakizuna eta ikasturte amaierako jaia.

Azken hilabeteetako jarduna amaitzeko, ospakizun berezi bat prestatu dute Arbil Elkarte Sozialeko ordezkariek. Ikasturte bukaerako jaia datorren ostegunean (ekainak 18) izango da, Kultur Elkartean, eta, iragarri dutenez, umorea, musika eta lagunarteko giroa izango dira nagusi. 

11:00etan ekingo diote egitarauari, musika instrumentaleko emanaldi batekin. Musika Eskolako adin nagusiko ikasleak izango dira protagonistak, eta euren lana erakutsiko dute. Ondoren, Edurne Agirrezabala umoristak Ama baten bizipenak bakarrizketa egingo du. 

Kantu herrikoiekin jarraituko du egitarauak; tartean, La bella Lola eta Xabier Leteren Habanera piezak abestuko dituzte guztiek batera. Eta, ospakizuna borobiltzeko, hamaiketakoa egingo dute.

Sasiolara irteera

Bihar (ekainak 13), gainera, San Antonio eguna ospatuko dute Sasiolako baselizan. Urteroko ohiturari jarraituz, bertara oinez joateko ibilaldia antolatu dute. Nolanahi ere, nahiago dutenek autobus zerbitzu berezia ere izango dute eskura. 

Oinezkoak 10:30ean abiatuko dira, estalitako pasealekutik. Autobusean joatea aukeratzen dutenak, aldiz, 11:00etan aterako dira, geralekutik. Iragarri dutenez, festa amaitutakoan, 13:00etan izango da itzulerako autobusa.

Sasiolara iritsitakoan –11:30 aldera– elizkizun berezia egingo dute, eta, amaitzeko, salda eta txorizoa emango dizkiete bertaratutako guztiei.