Askotan, autoexijentziak, perfekzionismoak eta eguneroko zurrunbiloak itsututa, geure burua alde batera uzten dugu lanaren zein bestelako arduren mesedetan, bizitzaren erritmoak muga-mugaraino eramaten gaituen arte. Horixe bera gertatu zitzaion Iratxe Etxebarria Etxebarria (Dima, 1979) kazetari ohiari. 2022an, neke profesionalaren sindromeak –burnout sindromea– jota krak egin zuen, eta sendatze-prozesu luze hartatik jaio zen 7.300 miligramo eszitalopram liburua, 2024an.
Aurreko ostegunean, ekainak 11, Etxebarria Debako Kultur Elkartean izan zen, bizi izandako "negu luze eta ilun" haren lekukotza aurkezten, eta bertan haren esperientzia pertsonala irakurleekin partekatzeko aukera izan zuen. Hitzordu hori aitzakiatzat hartuta, prozesu pertsonalaz, muga emozionalak jartzearen beharraz eta gaur egungo lanaz aritu da BARRENA harekin. Horrekin batera, mezu itxaropentsu bat zabaldu nahi izan du: "Gaixotu egin nintzen, baina sendatu egin nintzen. Eta nik egin banuen, zuk ere egin dezakezu". Eta bide horretan daudenei laguntzeko gakoa ere gogorarazi digu: "Alboan egotea. Egotea. Askotan, ezer egin gabe. Eta, noski, gomendiorik eman gabe".
Aurrekoan Deban izan zinen 7.300 miligramo eszitalopram liburua aurkezten. Zer moduzkoa ari da izaten irakurleekin aurrez aurre izaten ari zaren esperientzia?
Harrerarekin harrituta eta pozik nago.
Eta zein mezu nagusi helarazi nahi duzu liburuarekin?
Mezua hauxe da: gaixotu egin nintzen, baina sendatu egin nintzen. Denbora behar izan nuen; agian, gehiegi. Baina nik egin banuen, zuk ere egin dezakezu. Lanak ezin du gure bizitzako beste atalek dutena baino espazio gehiago bete.
Aurkeztera etorri zinen liburuaren izenburuak berehala erakartzen du irakurlearen arreta. Zergatik aukeratu zenuen titulu hori?
Dosi hori izan zelako behar izan nuena konturatzeko neguaren ostean udaberria zain neukala.
"Beldurra, lotsa, errua…batu zitzaizkion ezagutzen ez nuen egoera zail bati"
Botikak hartzea eta psikiatrarengana joatea tabua da oraindik askorentzat. Liburuarekin helburuetako bat bazen errealitate hori naturaltasunez plazaratzea?
Bai, noski. Nire inguruak eta nire bizi-baldintzek ez ninduten, inola ere, psikiatraren kontsulta atarian kokatzen, baina…
Liburuan azaltzen duzu 2022an iritsi zela zure krak unea. Noiz hasi zinen sentitzen gorputza eta burua mugara iristen ari zirela?
Oporretan nengoela. Gelditu edo distantzia hartu nuenean, atsedenerako denbora hartu nuenean, nire gorputzak eta buruak ezin izan zuten erritmoa jaitsi. Eta orduan hasi nintzen konturatzen zerbait ez zegoela ondo.
Estresa eta neke profesionalaren sindromea gero eta ohikoagoak dira kazetaritzan. Atzera begiratuta, zerk eraman zintuen muturreko egoera hartara? Lanbideak berak ala lanarekin zenuen harremanak?
Nik ez dut uste kazetaritzak gaixotu ninduenik. Kazetaritzak, momentuz, nire bizitzako gauzarik ederrenak eman dizkit. Ez da ofizioa; nire kasuan, lanarekin nuen harremana izan zen: exijentzia-maila altutik, perfekzionismotik, besteen beharrak asetzeko beharrizan horretatik eta nire pribilegioengatik eskertuta egon behar horretatik sortu zen gaixotasuna.
Halako egoeran, bide profesionala eten eta baja hartu behar izan zenuen. Zer izan zen bat-batean gelditu behar izatea?
Oso gogorra; beldurra, lotsa, errua… batu zitzaizkiolako ezagutzen ez nuen egoera zail bati.
Zergatik uste duzu kostatzen zaigula hainbeste gure osasun mentalari behar duen lekua ematea eta geure buruari gelditzeko baimena ematea?
Beti prest, beti lanerako, beti besteen beharrak betetzeko egon behar dugulako… eta guretzat bost minutu hartzea egoista izatearekin lotu dugulako.
Liburuan oso zintzo hitz egiten duzu psikoterapiaz, pilulez eta psikiatraren laguntzaz. Zer eginkizun izan zuen bakoitzak zure errekuperazioan?
Dena. Laguntza eskatu izan ez banu, ez nintzen sendatuko. Pilulek balio izan zidaten iluntasunari eusteko, psikoterapiak hain beteta nuen motxilaren pisua arintzeko… baina benetan balio izan zidana coaching-a izan zen. Arreta nire sendatze-prozesuan jarri nuelako, erabaki nuelako nola egin nahi nuen sendatzeko bidea eta zein helburu lortu nahi nuen.
Bide horretan guztian, zer ikasi duzu zeure buruaz eta zeure beharrak zaintzearen garrantziaz?
Ikasi dut autozaintza zer den. Ez dela egoista izatea. Nork bere burua zaintzeak esan nahi du loa errespetatzea, lan egitea baina atseden ere hartzea, eta betebeharrak bezain garrantzitsua dela gustuko ditugun gauzak egiteko denbora hartzea. Autozaintzarik gabe, ez dago ezer.
Askotan, ingurukoek ez dakite nola jokatu norbaitek krak egiten duenean. Zer behar da gehien une horretan eta nola lagundu daiteke hobekien?
Alboan egotea. Egotea. Askotan, ezer egin gabe. Eta, noski, gomendiorik eman gabe. Babesa behar da, presentzia… ingurua duzula ikustea eta sentitzea.
Idazketa, esaterako, prozesu sendagarria izan zen zuretzat. Hasieratik izan zenuen liburu bat argitaratzeko asmoa ala barruko korapiloak askatzeko eta gertatutakoa ulertzeko tresna gisa hasi zen guztia?
Nik ez nuen idazten liburu bat argitaratzeko asmoz. Idazten nuen nire sentimenduak eta emozioak askatzeko… eta gero, ikusi nuen liburu bat izan zitekeela.
"Ez gara konturatzen gaixotasunaren negu iluna zein hotza eta luzea den"
Oso esperientzia pertsonala kontatzen duzu liburuan. Gogorra izan da zeure burua hain modu publikoan biluztea eta bizitakoa berriz gogoratzea?
Bizi izandakoa gogoratzen dudan bakoitzean, oraindik ere malkoak ateratzen zaizkit.
Azken urteetan osasun mentalaz gehiago hitz egiten dela dirudi, baina, zure ustez, benetan ematen ari zaio behar duen garrantzia?
Ez, ez zaio behar adinako garrantzirik ematen. Gaixotzen garenean hasten gara horretaz jabetzen, baina inbertsioa osasunean egin behar da.
Eta zer falta da gaia serioago hartzeko?
Behin gaixotuta, egin beharreko bidea oso gogorra da. Baina osasuntsu gaudenean ez gara konturatzen gaixotasunaren negu iluna zein hotza eta luzea den.
Esperientzia horrek zure bizitza pertsonala eta profesionala goitik behera aldatu ditu: irratia utzi, eta gaur egun coaching-ean eta neke profesionalaren sindromearen prebentzioan ari zara lanean. Zer eman dizu bide profesional berri horrek eta nola laguntzen dizu zure esperientziak besteak entzuteko orduan?
Ematen dit nik ikasitakoa beste batzuekin konpartitzeko aukera. Eta laguntzen dit neure buru-osasunean arreta jarrita aurrera jarraitzen. Eta hori ederra da.
Atzera begiratuta, zer esango zenioke krisiaren unerik gogorrenean zegoen Iratxe hari?
Iratxe hari esango nioke bizitza ikasketa-prozesua dela. Esango nioke bere buruan jartzeko arreta, zaintzeko osasuna eta harremanak, baina beti norberarengandik hasita.
Eta, amaitzeko, zer aholku emango zenioke gaur egun "ezin dut gehiago" puntuan dagoen norbaiti?
"Ezin dut gehiago" pentsatzen duen pertsona horri esango nioke etortzeko nigana. Lagunduko diodala. Bere buruan eta bere osasunean inbertitzen duen inor ez dela damutzen. Ez dagoela inbertsio errentagarriagorik. Bizitzeko gaudela, baina bizirik bizi behar dugula; hau dena eta bizi garen lekuan bizita, gozatzea besterik ez dagoela.
