Euskal kostaldean itsas dortokak ikustea ez da ohikoena, eta horregatik, Antxon Sarasuak ezusteko ederra jaso zuen atzo (ekainak 17) arratsaldean piraguarekin zebilela. Azaldu duenez, Sorginetxe parean, kostatik eta haitzetatik 100 bat metrora, dortoka txiki batekin topo egin zuen; animalia ur azalean zegoen unean ikusi zuen, Aitzurira bidean zihoala. Itxura guztien arabera, egiazko kareta (Caretta caretta) espezieko ale gazte bat izan daiteke.
Zehaztu duenez, animaliak onik zegoela ematen zuen. “Hasiera batean ontzira igo eta halako itsas espeziak babesten dituzten eta jasotzen dituzten elkarte batera deitu eta eramatekotan izan nintzen, baina onik zegoela ikusita, bakean uztea erabaki nuen”, azaldu du. Haren ondoan piraguarekin minutu batzuez ibili ondoren, dortoka “lasai-lasai” itsaso zabalera igeri abiatu zela ikusi zuen Debakayakeko bazkideak.
Sarasuak hamabost bat urte daramatza Deba inguruan piraguaz nabigatzen, eta halako esperientzia bat bizi izan duen lehen aldia izan dela aitortu du, eta harrituta geratu dela: "Niretzat lehen aldia izan zen, eta oso polita izan zen, ez sinesteko modukoa. Nire bizitzan beste behin nuen ikusita dortoka bat, baina aspaldi, Getarian, eta ur sakonagoetan, eta ez hain gertutik, itsasontzi batetik", gogoratu du.