Udako atsedenaldiaren atarian, Arbil Elkarte Sozialeko zuzendaritza-batzordeak azken hilabeteetako jardunari buruzko balorazio positiboa egin du. Haien arabera, elkarteak antolatutako ekimenak "aisialdiaz harago" doaz; izan ere, adinekoen arteko harremanak sendotzeko, bakardadeari aurre egiteko eta komunitatea indartzeko tresna eraginkor bihurtu dira.
Azken datuek erakusten dutenez, Arbilek gero eta presentzia handiagoa du herriko adinekoen artean, eta dagoeneko erreferentziazko topagune gisa finkatzen ari da. Gaur-gaurkoz, sasoi betean dago egitasmoa: 850 bazkidetik gora ditu.
Duela hiru urte hartu zuen gidaritza egungo talde eragileak, eta, azpimarratu dutenez, harrezkero kide berri asko hurbildu dira elkartera; bereziki, jubilatu berriak. "Ekintzetan eta tailerretan parte hartzeko bazkide izatea eskatzen diegu, eta, gure ustez, horregatik hazi da hainbeste bazkide kopurua. Konturatu garenez, gainera, datorren kidea, bereziki, jubilatu berri den herritarra da; duela gutxi arte, hori ez zen oso ohikoa", adierazi dute.
Hitzaldiak eta tailerrak
Elkartearen gidaritza hartu orduko, hitzaldien eta tailerren eskaintza indartzea izan zen zuzendaritza-batzorde berriak lehenetsi zuen lan-ildoetako bat. Horrela, hileko lehen ostegunetan askotariko gaiei buruzko jendaurreko saioak eskaintzen dituzte Kultur Elkartean, eta aretoa, gehienetan, leporaino betetzen da. Teknologia, osasuna, ongizatea, kultura, ekonomia eta aktualitatea jorratzen dituzte; betiere, maila handiko hizlarien eskutik.
Kultur Elkartean antolatzen dituzten hitzaldietan aretoa leporaino betetzen da, gehienetan
Hainbat erakunderekin lankidetzan, gainera, bestelako jarduera osagarriak ere antolatu dituzte. Ertzaintzarekin batera, etxebizitzen segurtasunari eta telefono bidezko iruzurrei buruzko saioak bideratu dituzte; eta herentziei zein ondorengotza-itunei buruzko solasaldia ere prestatu zuten, Zumaiako notarioaren eta herriko abokatu baten parte-hartzearekin. Osakidetzarekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean, bestalde, osasunari buruzko zenbait ikastaro ere gauzatu dituzte.
Teknologia
Belaunaldien arteko zubiak eraikitzea ere lehentasun bihurtu da Arbilekoentzat. Mendata ikastetxeko DBHko ikasleekin egindako ekimenetan, gazteek teknologiari eta mugikorren erabilerari buruzko ezagutzak partekatu dituzte adinekoekin, eta horrek arrakasta handia izan duela nabarmendu dute.
Halaber, elkarteak hainbat ikastaro koordinatu ditu KZgunearekin batera, kideen trebetasun digital eta teknologikoa indartzeko asmoz.
Aisialdi arloan ere eskaintza zabala du elkarteak. Hileko azken ostegunetan antolatzen dituzten txangoek ere "izugarrizko arrakasta" dute, eta, autobusak azkar betetzen direnez, maiz itxarote-zerrendak ere ireki behar izaten dituzte. Ongizate fisikoa sustatzeko asmoz, bestalde, hileko bigarren ostegunetan oinezko irteerak egiten dituzte inguruko parajeetara, eta horiek ere indarra hartzen ari direla erantsi dute.
Arbileko kideei ez zaie bidaiatzeko gogorik falta. Duela hilabete batzuk, astebeteko egonaldia egin zuten Marokon eta autobus oso bat betetzea lortu zuten. Hurrengo helmuga Toscana izango da.
Kirol eta dantza jarduerak ere eskaintzen dituzte, hala nola dantza latinoetako saioak –bachata, saltsa eta lineako dantzak– Musika Eskolan, bai eta spinninga, aerobika eta indarra zein oreka lantzeko saio bereziak ere kiroldegian. Sormenak ere leku berezia du eskaintzan. Joste taldeak ostiralero egiten ditu saioak, Maria Jesus Mancisidorren gidaritzapean, eta puntu-tailerra astean bitan elkartzen da, Mari Naranjorekin. "Giro atsegina eta parte-hartzailea" izaten dela azpimarratu dute. Horiez gain, beste hainbat ospakizun berezi ere antolatzen dituzte: Inauterietako txokolate-jana, San Tomas Eguneko txistor-jana, Gabonetako zozketak eta 80 urtetik gorako kideentzat herri bazkaria.
Udalaren eta hainbat erakunderen dirulaguntzak funtsezkoak direla nabarmendu dute
Balorazioa egiteko orduan, asteburuetan elkartearen egoitzan sortzen den mugimendua ere ezin dela aipatu gabe utzi esan dute. Igandero, 17:30etik 20:30era antolatzen duten kinak –bingoaren antzeko jokoak– adin guztietako pertsonak elkartzen jarraitzen du; bereziki, adinekoak. Bertaratzen direnentzat asteroko hitzordu finkoa dela esan dute, "etxetik irten, lagunekin elkartu eta arratsalde atsegina pasatzeko aitzakia ezin hobea".
Babesletza
Gogorarazi dute balorazio positibo horren atzean hainbat erakunderen eta babesleren laguntza dagoela. Jarduera askok kostu handia dutenez, kanpotik datozen ekarpenak –Kutxa Fundazioa, Debako Udala, Kutxabank, Caixabank, Danobat, Goimek, Laboral Kutxa eta Kide– ezinbestekoak direla azaldu dute.
Ildo horretan, Kutxa Fundazioaren laguntzari esker, telebista handi bat jarri dute areto nagusian, hitzaldiak eta tailerrak egiten direnean proiektore gisa ere erabiltzeko, eta elkarteak berak hamar ordenagailu eramangarri erosi ditu, ekipamendurik ez duten kideen eskura jartzeko. Udalak emandako laguntzari esker, bestalde, urteko jai eta irteera garrantzitsuenak finantzatu ahal izan dituzte.