Ikasturte bukaerako festa ospatuko du bihar, larunbata, Luzaro ikastetxeak

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 19a

Lehen aldiz, ikasturteari amaiera borobila emateko egun osoko jaia antolatu du Debako Luzaro ikastetxeak, Zubi Guraso Elkartearekin, Kolore Anitzekin eta Udalarekin lankidetzan; herri osora hedatuko da eskola komunitatearen festa. Gainera, 'Luzaroan Luzaro' izenburuko kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte.

Ikasturteari ezohiko amaiera emango dio aurten Luzaro ikastetxeak, egun osoko festa iragarri baitu biharko, ekainak 20. Jolasak, musika eta herri bazkaria izango dira lehen aldiz antolatu duten ospakizunaren osagai nagusiak.

Ikastetxeko ordezkariek azaldu dutenez, herri osora zabaldu nahi dute Zubi Guraso Elkartearekin, Kolore Anitzekin eta Udalarekin elkarlanean prestatutako festa, ikasleen, familien eta herritarren arteko loturak estutze aldera. Argitu dute, hortaz, ez dela aisialdi eskaintza soila izango, hortik harago baitoa erronka: "Komunitatea indartzeko eta elkarbizitza sustatzeko asmoz antolatu dugu festa. Alegia, eskola komunitatea kalera ateratzea da helburu nagusia, kulturaren, musikaren eta jolasaren bidez elkarbizitza osasuntsua sustatzeko". Horregatik, "denentzako gune seguru eta atsegina bermatzeko", hitzordura batuko direnei "jai arduratsu eta osasuntsu baten aldeko konpromisoa" hartzeko eskatu diete.

"Komunitatea indartzeko eta elkarbizitza sustatzeko asmoz antolatu dugu festa"

 

Jai eredu parte hartzaile baten aldeko apustua eginez, adin guztietako jendeari zuzendutako egitaraua ondu dutela nabarmendu dute antolatzaileek, "belaunaldien arteko topaketa sustatu nahian".

10:30ean hasiko da jaialdia, haurrentzako prestatutako jolas-guneetan; Kolore Anitzek bost txoko atonduko ditu guztira, herriko hainbat gunetan.

12:30etik 13:30era bitartean, berriz, Debako Banda Gazteak kontzertua emango du elizan, Erriberriko musikari gazteekin batera. Eta, jarraian, ikasleek gidatutako trikiti eta pandero kalejira egingo dute, Foruen plazatik abiatuta. Jai giroak Aldats pilotalekuan izango du jarraipena, bertan izango baita herri bazkaria, 14:30ean. Ondoren, 16:30ean hasita, Kolore Anitzek musikaz girotuko du festaren amaiera, Foruen plazan. 

"Lehen harria"

Jaialdiaren lehen edizioa izango da aurtengoa, baina ez da, ziurrenik, azkena izango. "Antolatzaileon asmoa da festa urteroko hitzordu finko bihurtzea. Eskolaren eta herriaren arteko zubiak eraikitzen jarraitzeko lehen harria izatea nahi dugu, datozen urteetan ere egutegian gorriz markatutako eguna izan dadin", gaineratu dute.

'Luzaroan Luzaro' bideoklipa

2025-2026ko ikasturtea bukatu aurretik, egunotan ikusi dute argia Debako hezkuntza komunitateak sortutako Luzaroan Luzaro izenburuko kantak eta bideoklipak. "Debarron izaera, euskara eta eskolako balioak uztartzeko urratsen aldeko ibilbidean murgilduta gaude erabat, eta horren aldeko apustua egin nahi dugu", adierazi dute azken hilabeteotako lanaren emaitza aurkeztean.

Bada, kantaren hitzak eskolako irakasleek idatzi dituzte, eta melodia Urtzi Azkuek sortu du; bideoa, argazkiak eta muntaia, berriz, Oier Yanizenak dira. Luzaroko irakasleak, ikasleak, gurasoak, langileak eta Debako erraldoiak ere agertzen dira, besteak beste, ikus-entzunezkoan.