Debabarreneko Ikasten Esperientzia Eskolaren 18. promozioko ikasleen ekimenez, Marea gora hitzaldi sorta egingo dute, laugarrenez, Deban. Gaur (ekainak 19) aurkeztu dute egitaraua, Kultur Elkartean eguerdian egindako agerraldian. Gogorarazi dutenez, hasierako balioei eta helburuei eusten diete sustatzaileek: "Batetik, Debako udako kultur eskaintza aberastea eta, bestetik, ezagutza partekatua, pentsamendu kritikoa eta elkarrizketa soziala sustatzea".
Horiek horrela, beste behin ere, ibilbide pertsonal eta profesional ezberdineko gonbidatuak izango dira solasaldietako protagonistak eta askotariko gaiak izango dituzte hizpide. Udalerriko helduei, udako bisitariei eta Debabarreneko herritarrei zuzendutako hitzaldiak asteazkenetan izango dira, 19:00etan, Kultur Elkartean. Ekimenak Debako Udalaren eta Kultur Elkartearen babesa ere badauka.

EGITARAUA
Ikus jarraian 'Marea gora' zikloaren egitarau osoa:
- Uztailak 1: Brujas y brujerías, todo mentira (Sorginak eta sorginkeriak, dena gezurra). Hizlaria: Toti Martinez de Lezea idazlea.
- Uztailak 8: El nuevo orden mundial y los derechos humanos: entre el caos y la resistencia (Munduko ordena eta giza eskubideak; kaosaren eta erresistentziaren artean). Hizlaria: Juan Hernandez Zubizarreta (EHUko irakaslea, Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiko kidea eta Herrien Auzitegi Iraunkorreko laguntzailea).
- Uztailak 15: Euskal itsasontzigintza eta itsas historia XVI. eta XVII. mendeetan. Hizlaria: Xabier Alberdi Lonbide (Itsas historialaria eta Euskal Itsas Museoko zuzendaria).
- Uztailak 22: Lo que el mar esconde y nos devuelve: microplásticos y basuras marinas en nuestros ríos y playas (Itsasoak ezkutatzen eta itzultzen diguna: mikroplastikoak eta itsasoko zaborrak gure ibai eta hondartzetan). Hizlaria: Oihane Cabezas Basurko (AZTIko Arrantza Teknologia Jasangarrien arloko ikertzaile seniorra).