Ikasleen, familien eta herritarren arteko loturak estutze aldera, egun osoko jaialdia egin zuen Debako hezkuntza komunitateak herenegun, ekainaren 20an. Jolasak, musika eta herri bazkaria izan ziren lehen aldiz antolatu duten ospakizunaren osagai nagusiak, eta ikastetxeko ordezkariak pozik daude hitzorduak izan duen harrerarekin.
Eguraldiak ez zuen askorik lagundu goiz partean eta, hortaz, Kolore Anitzek haurrentzako prestatutako jolas-guneak Aldats pilotalekura eta eskola txikira lekualdatu behar izan zituzten. Gainontzeko ekintzak, dena den, aurreikusi bezala egin ahal izan zituzten. "Oso gustura ibili ginen, giro ederra sortu zen eta ondo irten zen dena. Bazkarian, adibidez, 370 bat lagun elkartu ginen, ikasle, guraso, irakasle eta irakasle ohi ugari ere tartean; gainera, jendeak asko lagundu zuen guztia txukuntzen eta jasotzen. Kamiseta pila bat saldu genituen, musikaz alaitutako uneak izan genituen... pozik gaude lehen aldiz egin dugun festak eman duenarekin", nabarmendu dute antolatzaileek.