Ongizatearen Plaza ekimena Debara iritsi da ongizate integrala ikuspegi “kolektibo eta komunitario” batetik lantzeko

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 25a

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimenaren baitan hainbat tailer, hitzaldi eta saio ireki eskainiko dira gaur (ekainak 25) eta bihar (ekainak 26) Foruen plazan. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Alazne Txurruka Debako alkateak gaur goizean egindako agerraldi batean aurkeztu dute ekimena.

Gaur (ekainak 25) goizean hasi da Deban Ongizatearen Plaza ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Alazne Txurruka Debako alkatea bertan izan dira herritarrei ongizatearen inguruko hausnarketan parte hartzeko deia eginez.

Diputatu nagusiak agerraldian azpimarratu duenez, bi egunez —gaur eta bihar— "modu batera edo bestera denoi eragiten diguten eguneroko gaiak eta errealitate berriak" landuko dituzte tailer praktikoen, solasaldien, hitzaldien edo mahai inguruen bidez. Besteak beste, zahartzaroa, nahi gabeko bakardadea, elikadura osasungarri eta jasangarria, hizkuntza, nortasuna eta pantailen erabilera landuko dituzte Foruen Plazan. 

 

 

Egitasmoaren helburu nagusia pertsonen ongizate osoaren inguruaren hausnarketa eta elkarrizketa eragitea da, "hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia". Testuinguru horretan, diputatu nagusiak nabarmendu du pertsona ororen ongizatea "plazaren erdigunera" ekarri beharreko gaia dela, izan ere, "arazo pertsonal edo indibiduala badirudi ere, ikuspegi kolektibo eta komunitario batetik heltzea ezinbestekoa" da. Gogorarazi du, era berean, aldundiarentzat gaira "lehentasunezkoa" dela komunitate gisa erantzuteko.  

"Emaitza oso positiboak"

Ekimena iazko udaran abiatu zuten Zarautzen eta, harrezkero, Gipuzkoako hainbat herritan eta eskualdetan egin du geldialdia. Mendozak nabarmendu du orain arteko esperientziak "oso emaitza positiboak" eman dituela. Hori dela eta, Mendozak herritarrak deitu eta bertan parte hartzera animatu ditu "esperientziak partekatu, elkar entzun, errealitate berri hauen inguruan hausnartu eta gozatzera". "Azken finean, komunitate loturak indartu nahi ditu plaza honek; gure herrietako plazek modu naturalean egiten duten hori bera indartuz", erantsi du. 

Alazne Txurruka Debako alkateak ere ekimenaren garrantzia azpimarratu du. Haren hitzetan, Debarentzat aukera baliotsua da ongizatearen inguruko gogoeta herritarrekin batera egiteko. "Debarentzat, Ongizatearen Plaza hartzea aukera garrantzitsua da ongizatearen inguruko gogoeta herritarrekin batera lantzeko. Ongizatea ez da osasuna soilik; harremanek, komunitateak, bizi-ohiturek eta inguruneak ere eragin zuzena dute pertsonen ongizatean. Horregatik, funtsezkoa da elkarguneak sortzea, elkar entzuteko, esperientziak partekatzeko eta ongizatearen inguruan hausnartzeko.

Aldi berean, herritarrak ekimenean parte hartzera deitu nahi izan ditu. "Herritar guztiak gonbidatzen ditugu jardunaldietan parte hartzera eta esperientzia hau elkarrekin bizitzera". 

Ariketa fisikotik hasi eta barreterapiara

Egitaraua 10:00etan abiatu dute Adinberri kirol saioarekin. Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak saio irekia gidatu du, eta jarraian Naia Rosekin estimulazio kognitiboko tailerra eta Raquel Rodriguezekin mindfulness terapia egin dituzte, adinekoen autonomia, zaintza eta ohitura osasuntsuak ardatz hartuta.

Ondoren, autonomia eta hauskortasunaren prebentzioa landu dira, adineko pertsonak ahalik eta denbora gehien etxean bizi ahal izateko zainketen inguruko ikuspegi berriak partekatuz, hala nola autonomia, prebentzioaren garrantzia, norberaren bizi-proiektua babestea eta komunitate loturak lantzea.

Hona hemen gaur eta bihar egongo diren ekintzak:

Gaur, ekainak 25:
  • 17:00-18:00. Deban nola bizi dugu euskara? solasaldi irekia. Hizkuntzak pertsonen nortasunean eta ongizatean duen eraginaz hitz egingo da, euskara ama hizkuntza dutenen, heldutan ikasi dutenen edo kanpotik etorri direnen bizipenak partekatuz solasaldi batean.
  • 18:00-19:00. Pantailen aroan, erabilera osasuntsua deritzon saio dinamikoa egingo da Altxa Burua elkartearekin batera. Haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa, bereziki gurasoei bideratua.
Bihar, ekainak 26:
  • 10:00-11:30. Elikadura jasangarria eta osasuntsuari buruzko solasaldi irekia, Jakoba Errekondo agroekologian adituarekin eta Doniene baserriko Miriam eta Nerea Arrizabalagarekin eta Beliosoro baserriko Juan Mari Etxaberekin.
  • 11:30-13:00. Nahi ez den bakardadea. Aukeratzen ez den bakardadea ez da soilik adin tarte baten arazoa. Hirugarren adinean bezala, gazteengan gero eta eragin handiagoa duen arazo bat da.  Ados teatroak bakardadearen inguruan ekoiztutako hiru mikrodokumentalen eskutik, beste horrenbeste herritarren kasu erreal bezain gordinak gertutik ezagutzeko aukera izango da saioan. Dokumentaleko protagonistetako batek parte hartuko du.
  • 17:30-18:30. Barreterapia tailerra. Barrearen eta umorearen bidez ongizate emozionala lantzeko tailer dinamikoa, Idoia Torregarai umoregilearen eskutik.
  • 18:30-19:30. Amaiera. Telmo Iruretagoiena sommelierrak Getariako Txakolinaren dastaketa eskainiko du, Kalean Kantuz taldeak girotuta.