Usadio zaharrei eutsiz, lizar-adarrak jarri dituzte San Roke kaleko atarietan

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 26a

San Joan Egunaren bueltan, lizar-adarrak jarri dituzte aurten ere atarietan, Debako Sendabelarren Taldearen laguntzarekin. Halaber, San Joan ukendua ere prestatu dute, ohitura zaharrak berreskuratzeko ahaleginean.

Azken urteetan bezala, Debako Sendabelarren Taldearen laguntzarekin, San Roke kaleko atarietan lizar-adarrak jarri dituzte aurten ere San Joan Egunaren bueltan, etxeak eta bertako bizilagunak babesteko. Gogorarazi dutenez, "ohitura oso aspaldikoa izan arren, Eduardo Galarragak Iturkaleko atarietan jartzeari utzi zionetik, oso etxepe gutxitan mantendu da ohitura".

Usadio zaharrak berreskuratzeko ahaleginean, gainera, Sendabelarren Taldeko kideek San Joan ukendua ere prestatu dute. "Inguruko sendabelarrekin egina dago eta azaleko gaitzei aurre egiteko balio du", azaldu dute. Hainbat belar ditu ukenduak, hala nola Santixo belarra, erromeroa, izpilikua, apo belarra, malba, ilena, plantaina, kamamila eta pasmo belarra.

San Pedro bezpera, igandean

Bailarako hainbat herritan San Joan bezperako suak eta ekitaldiak murriztu edo egokitu egin dituzte asteon, egunotako tenperatura altuek eta sute arriskuak eraginda. Dena den, azken orduko aldaketarik ezean, etzi, hilak 28, San Pedro bezpera ospatuko da Deban; 21:00etan hasiko da txistularien kalejira eta 22:00etan izango da zahagi-erretzeak eta dantzek osatutako ikuskizuna, Plaza Zaharrean.