Debako bandarekin batera ariko dira Xabi Solano eta Sune agertokian

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko ekainaren 26a

Debako Musika Bandak "gogo handiz eta emozioz" prestatutako udako kontzertu berezia iragarri du uztailaren 4rako; Sune eta Xabi Solano musikari ezagunak izango ditu bidelagun oholtzan. Emanaldia zumardiko karpan egingo dute, 22:30ean, doako sarrerarekin.

"Kontzertu ahaztezina izango da, hasieratik amaierara dantzan eta abesten gozatzeko modukoa". Hitz horiekin laburbildu dute Debako Musika Bandako kideek uztailaren 4an, larunbatez, zumardiko karpan egingo duten emanaldia. 22:30ean hasita, 50 bat musikari ariko dira oholtzan; ohiko taldekideei Euskal Herriko musikagintzan sona handia duten bi gonbidatu batuko zaizkie, gainera: Josune Arakistain Sune eta Xabi Solano trikitilariak.  

Herriko musikariek azaldu dutenez, bandak bi urtean behin antolatzen du udako kontzertua. Baina aurtengoa ezohikoa izango da. "Hasieratik genekien proiektu anbiziotsua zela eta normalean baino oihartzun handiagoa eduki zezakeela. Baina kontziente gara horrelako musikari garrantzitsuekin kontzertu bat eskaintzeko aukera ez dela errepikatuko; beraz, gogo handiz eta emozioz ari gara prestaketa lanetan".

Hilabetetako lana

Urte hasieran ekin zieten antolakuntza lanei. Suneren eta Solanoren baietza jaso ondoren egin zituzten ondorengo urratsak: data adostu, kantak aukeratu, moldaketak eskatu, Udalarekin hitz egin, soinu eta argi ekipoa lotu, aldagelena kudeatu... Aitortu dutenez, erronka handia izan da, adibidez, bandaren ohiko soinua trikitiarenarekin uztartzea eta guztiek elkarrekin interpretatzeko 13-14 euskal kantadun errepertorioa osatzea. "Abestien moldaketan dago gakoa. Beraz, piezak hautatutakoan, Juanma Saez, Jimmy Bidaurreta eta Josu Salegi musikariei eskatu genizkien moldaketak; hirurek ezagutzen dute Debako banda, eta lan ederra egin dute".

Elkarlanaren eta hilabetetako lanaren emaitza izango da, bada, hilaren 4ko ikuskizuna. Prest dute emanaldia eta egina dago bertaratzeko gonbidapena bera ere. "Animatu eta etorri kontzertuaz gozatzera, ondo pasako dugu eta", gaineratu dute.

Bandak Debako Udalaren, Laboral Kutxaren eta Danobat-en dirulaguntza jaso du hitzordua antolatzeko. Nolanahi ere, errifak saltzen dihardute ekimena finantzatzeko asmoz. Uztailaren 5ean egingo dute zozketa.

Partaideen iritziak:
  • JOSU SALEGI (musikaria eta kanten moldatzailea): "Formatu handiko beste lan batzuk ere egin izan ditut; duela urte batzuk, adibidez, Debako bandarentzat eta jazz laukotearentzat moldaketak egin nituen, big band formaturako ere idatzi izan dut... Bi abesti bateratu ditut moldaketa batean, bakoitza oso desberdin planteatuz: Tapia eta Leturiaren Wafa –Desgaraian taldearen moldaketa hartu dut erreferentziatzat, lan nagusia orkestratzea izan da, harmonikoki ez dut askorik aldatu– eta Debako herriari –goitik behera aldatu dut, melodia errespetatuz–. Nahiko errepikakorra da egungo musika, harmonikoki oso sinplea. Hori oinarri hartuz, ahal den heinean, aberastea izan da erronka".
  • ITZIAR LARRAMENDI (Musika Bandako lehendakaria): "Kontzertua antolatzea benetako ikasketa prozesua izan dela sentitu dugu taldean. Hilabetetako lana izan da, eta, ohiko emanaldiek ez bezala, honek beste dimentsio bat hartu du. Nire ustez, guztia koordinatzea eta finantzaketa lortzea izan dira erronkarik handienak, eta lan handia dago atzean: bandaren eta musikari gonbidatuen agendak bateratu, proiektuaren aurkezpenak egin, ateak jo... Orain arte ezagutzen ez genuen mundua da, baina prozesuak gauza handiak egiteko gai garela erakutsi digu. Talde gisa dugun antolakuntza eta lan egiteko modua sendotu ditu, eta argi utzi digu erronka handiei ere aurre egin diezaiekegula".
  • FERNANDO 'FEFE' URAIN (Musika Bandako zuzendaria): "Sune eta Xabi Solano elkarrekin ikusi nituen emanaldi batean, eta, haien arteko elkarlana ikusita, bandarekin zerbait berezia egitea bururatu zitzaidan. Zorionez, aurrera eramatea lortu dugu. Erronka handiena, ziurrenik, egokienak iruditzen zitzaizkigun abestiak hautatzea izan da, eta kanten moldaketak bandarentzat egokiak izatea eta kalitatezko emaitza lortzea ere garrantzitsua izan da; goraipatzekoa da kanten konponketekin egin duten lana. Prozesu honek erakutsi digu bandak oso modu naturalean egin dezakeela bat edozein musika-estilo eta artistarekin, eta ibilbide handiko bi artista horiekin aritzeak motibazio berezia ematen digu".
  • JOSUNE ARAKISTAIN 'SUNE' (musikari gonbidatua): "Gustatzen zait konfort-zonatik atera eta nire abestiak beste formatu batean entzutea. Aberasgarria iruditzen zait, eta hau egin izan dudan beste aldi batzuetan ere beti erakarri izan nau formatuak. Abesti batzuk errazago moldatzen dira formatu batera edo bestera, baina, aldi berean, erronka bat da zuk sortu eta imajinatu dituzun abestiak beste formatu batera egokitzea. Erronka horrek egiten du polit, hor dago magia, horrek bihurtzen ditu berezi horrelako kontzertuak. Debako bandarekin jotzea berezia izango da, baina nire urduritasun maila ere altuagoa izango da, inporta zaidan jende gehiago egongo delako kontzertuan".
  • XABI SOLANO (musikari gonbidatua): "Egia esan, banda batekin aritzeak dena aldatzen du musikalki, eta oso polita da norbere kantak hain ezberdin ikustea, niri asko gustatzen zait. Ez da hain erraza abestiak banda formatura moldatzea, instrumentu pila bat daudelako bandan eta bakoitzari bere lekua eman behar zaiolako; eta, horregatik, horretan aritzen direnak artista hutsak iruditzen zaizkit. Askotan jo izan dut Deban, Etzakitekin, Esne Beltzarekin... eta kristoren giroa egoten da beti. Beraz, oraingoan ere horixe espero dut. Gainera, jakinda Debako banda oso maitatua dela herrian, gau polita eta gogoangarria izango da".