Guztia prest dago bihar ospatuko den lehen Zuhatza Trail Egunerako

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 26a

Kirolaz gain, egun osoko egitarau zabala prestatu dute euskararen aldeko jai giroa sustatzeko.

Debako Euskaltzaleon Mugimenduaren ekimenez, lehen Zuhatza Trail mendi martxa eta lasterketa egingo dira bihar (ekainak 27). Kirola eta euskara uztartuko dituen hitzordu berezi horietan 300 parte-hartzaile biltzea espero dute. 

Giroa berotzen hasteko, gaur (ekainak 26) banatuko dituzte dortsalak, udaletxe azpiko arkupeetan, 17:00etatik 20:00etara. Bihar ere izango da horretarako aukera, 07:00etatik 09:00etara. Kirol probei dagokienez, mendi martxa 08:00etan abiatuko da, Foruen plazatik, eta bi ordu geroago, 10:00etan, leku beretik aterako dira mendi lasterketako korrikalariak. Parte-hartzaileek 14 kilometroko ibilbide bera osatu beharko dute.

Kirolaz gain, egun osoko jai egitaraua prestatu dute euskararen aldeko jai giroa sustatzeko. Mendi lasterketa hasi ondoren, Izan Tribu haurrentzako jarduera izango da, Plaza Zaharrean. 13:00etan, bestalde, sari banaketa ekitaldia egingo dute, Aldats pilotalekuan, eta, ostean, Baratxuri zopa kantaldi herrikoiak zeharkatuko ditu kaleak. Indarrak berritzeko, herri bazkaria egingo dute, 15:00etan, Aldats pilotalekuan. Amaitzeko, 19:30ean, erromeria egongo da, Aldats pilotalekuan, Mugi Panderoa taldearen eskutik.

Argazkiak eta bideoa

Bestalde, biharko une gogoangarrienak argazki galeria batean eta bideo batean jasoko dituzte; astelehenetik (ekainak 29) aurrera egongo dira, ikusgai barrena.eus atarian.