Clara Leton madrildarrak 'Sakona / Lo hondo' erakusketa zabaldu du Santa Maria elizako klaustroan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko ekainaren 26a

Artistaren azken bizipenak, interesak eta esperimentazio artistikoa biltzen dituen erakusketa uztailaren 31ra arte izango da ikusgai.

Clara Leton Gil (Madril, 1998) artistak atzo (ekainak 25) inauguratu zuen Sakona/Lo hondo izeneko erakusketa. Bilbon bizi den sortzaile madrildarra 2026ko Gazte Artista Bisual Berriak sariketako irabazlea izan da: uztailaren 31ra arte Santa Maria elizako klaustroan ikusgai egongo den bilduma hau, hain zuzen ere, Debako Udalak eta herriko artisten kolektiboak elkarlanean antolatzen duten lehiaketa horren fruitua izan da.

Inaugurazio ekitaldian Alazne Txurruka alkateak hartu zuen lehen hitza, eta hark nabarmendu zuen epaimahaiak aho batez erabaki zuela Letonen proposamena saritzea, eta bereziki goraipatu zituen haren lanek erakusten dituzten "sormena, originaltasuna eta kalitate artistiko bikaina".

Alkatearen esanetan, lehiaketa sari bat baino askoz gehiago da. “Lehiaketa hau ez da soilik sari bat lortzeko aukera. Gazteei beren ideiak garatzeko, adierazteko eta herritarrekin partekatzeko aukera eskaintzen dien espazioa ere bada. Gaur irekitzen dugun erakusketa hau horren adibide argia da”. Amaitzeko, herritar eta bisitari guztiak gonbidatu zituen klaustrora hurbildu eta Clara Letonen unibertso artistikoa ezagutzera.

Esperimentazioa

Ondoren, Letonek berak hartu zuen hitza. Haren esanetan, Deban erakusketa antolatzeko aukera "opari bat" izan da. "Erronka bat ere bada, baina uste dut hori dela politena", gaineratu zuen pozik.

Klaustroan, guztira, 30 piezatik gora bildu ditu. Gehienak azken urtean sortutakoak dira —Pintura Masterra ikasten aritu zela ondutakoak—, nahiz eta aurreko urteren bateko lan gutxi batzuk ere txertatu dituen. Tamaina askotako margolanak ikus daitezke, batzuk banaka eta beste batzuk multzoka antolatuta.

Egilearen hitzetan, bildumak bere azken aldiko bizipenak, berrelkartzeak eta interesak biltzen ditu.

Tartean, gainera, erakusketarako propio sortutako obra bat ere badago ikusgai. Sarreratik gertu kokatutako pieza txiki bat da, Santa Maria elizako aingeruetan inspiratua eta inaugurazioaren aurreko astean margotua. Sarreratik gertu kokatutako obra honek artistak tokiko arkitekturarekin eta ondarearekin lortu nahi izan duen lotura islatzen du.

Egilearen hitzetan, bildumak bere azken aldiko bizipenak, berrelkartzeak eta interesak biltzen ditu. Azken urtean pinturan buru-belarri murgilduta aritu dela azaldu zuen, esperimentazioa eta material birziklatuen erabilera ardatz hartuta, bere hizkuntza piktorikoa garatzeko asmoz. “Azken urte honetan pinturan zentratu naiz eta hauxe da emaitza. Esperimentazio handia dago atzetik”, adierazi zuen.

Halaber, formatu txikiekin eta material birziklatuekin “jolastea” eta lan egitea gustuko duela ere erantsi zuen, eta pixkanaka "bere hizkuntza piktorikoa" eraikitzen ari dela, "fragmentazioa eta momentu zein irudien deskonsolidazioa" pinturaren bidez adierazteko ahaleginean.

Erakusketa publikoari ireki ondoren, artistak berak bisita gidatua eskaini zuen. Bertaratutakoei obren xehetasunak eta sormen-prozesuaren nondik norakoak azaldu zizkien, baita piezen antolaketa eta erakusketaren egitura ere.

Ordutegia

Erakusketa uztailaren 31ra arte egongo da zabalik Debako Santa Maria elizako klaustroan. Honako ordutegian bisitatu ahal izango da: asteartetik igandera, 17:00etatik 19:00etara, eta baita eliza irekita dagoen ohiko orduetan ere. Sarrera doakoa da.