Garitaonandia eta Zenarrutzabeitia, Espainiako Surf Txapelketaren podiumean

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 8a

Debako bi surflariek hirugarren postua eskuratu dute, nork bere kategorian.

Bitor Garitaonandia eta Ugaitz Zenarrutzabeitia surflari debarrek hirugarren postua eskuratu zuten aurreko astean Galiziako uretan jokatutako Espainiako Surf Txapelketan. Garitaonandiak gizonezkoen Open mailan lortu zuen brontzea, eta Zenarrutzabeitiak, berriz, 18 urtez azpiko gizonezkoen kategorian.

Garitaonandiak txapelketa oso sendoa osatu zuen haren mailan, finalera iritsi aurreko kanporaketetan maila handia erakutsiz. Finalean, ordea, itsasoaren baldintzak ez ziren onenak izan, eta lau finalisten arteko lehia estu baten ondoren, debarrak hirugarren amaitu zuen 8,90 punturekin. Jacobo Trigok irabazi zuen norgehiagoka (14,60 puntu), eta bigarren postua Conor Doneganentzat izan zen (12,57).

Bitor Garitaonandia olatu bat hartzen, Espainiako Surf Txapelketan. Argazkia: utzitakoa

 

Iaz parte ez hartzea erabaki ostean, Garitaonandia "oso pozik" dago aurten lortutako emaitzarekin. Hala ere, aitortu du sentsazio gazi-gozoarekin amaitu zuela lehia. "Pena pixka batekin geratu nintzen, ez nituelako erabaki onenak hartu finaleko olatuak aukeratzerakoan. Baina, aldi berean, pozik nago; badakit olatu onak aukeratu izan banitu eta nire surfa egin izan banu, txapela lortzeko aukera izan nezakeela", azaldu du. 

Lortutako postuak, gainera, konfiantza eman diola erantsi du: "Datozen lehiaketei aurre egiteko konfiantza eman dit, eta motibazio puntu bat ere bai". Europako QS zirkuituari ekingo dio laster, eta Espainiako hitzordua prestaketa ezin hobea izan dela uste du. "Nazio mailan, orain momentuan, oso maila altua dago. Hainbat surflari daude zirkuitu mundialerako sailkatuta, eta haien aurka lehiatu ahal izatea ondo etorri zait nire maila ikusteko. Ez da gauza bera libre entrenatzea edo lehiaketa batean aritzea, denbora muga batekin eta beste batzuen aurka", adierazi du.

"Arantza bat sartuta"

Zenarrutzabeitiak, bestalde, 8,47 puntu lortu zituen 18 urtez azpikoen finalean, eta hirugarren amaitu zuen. Oxel Oregi nagusitu zen kategoria horretan (12,07 puntu), eta Oinatz Ortegak amaitu zuen bigarren (9,17).

Debarra "nahiko pozik" dago emaitzarekin, baina, asko entrenatu ondoren, gehiago egiteko gai zela uste du. Horren harira, "arantza bat sartuta" geratu zaiola onartu du: "Txapelketa osoan oso ondo aritu nintzen surfean, eta oso ondo lehiatu nintzen, eta finalean hobeto egin nezakeen nire lana".

Ugaitz Zenarrutzabeitia, Espainiako Surf Txapelketan 2026 olatu bat hartzen. ARGAZKIA: FEDERACION ESPAÑOLA SURFING

 

Finalari dagokionez, itsasoko baldintzak espero baino zailagoak izan zirela azaldu du, eta "uste baino gaizkiago" moldatu zela ohikoak ez ziren baldintza horietara. "Itsasoa oso mugituta egon zen eta ez zegoen oso argi olatuak nondik zetozen; olaturik onenak aukeratzen eta horiek ahalik eta hobekien surfean egiten saiatu nintzen". Finalean, gainera, antolatzaileek jarduna 25 minutura luzatu izana mesedegarri izan zitzaiola uste du. "Horrek olatuak hobeto aukeratzeko denbora eman zidan".

Dena den, emaitzak lanean jarraitzeko eta "etorkizunean beste emaitza on batzuk lortzeko" indarra eman diola dio. Hurrengo asteei begira, debar gazteak urteko azken sailkapen-probetan postuak irabaztea eta Espainiako zirkuituan hiru onenen artean amaitzea izango ditu helburu. Horretarako, laster Indonesiara joango da entrenatzera, hurrengo txapelketak prestatzen jarraitzeko.