Blues Tailerreko musikarien kontzertua izango da gaur Asteazken Akustikoen barruan

Alex Turrillas Gonzalez 2026ko uztailaren 8a

Iazko emanaldiaren argazkia. Arg.: Martin Lores

Debako Gazte Asanbladak antolatutako Asteazken Akustikoak egitasmoko bigarren kontzertua gaur, 20:00etan, izango da Gaztetxean. Oraingoan, Josu Salegik gidatzen duen Blues Tailerreko musikariek eskainiko dute emanaldia.

Kontzertuan Debako eta inguruko hamar musikari inguruk hartuko dute parte. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, emanaldi guztiak doakoak izango dira.

Asteazken Akustikoak egitasmoaren barruko kontzertuak uztaileko asteazken guztietan egingo dira, datorren asteazkenean (uztailaren 15ean) izan ezik. Eguraldi ona eginez gero, Gaztetxearen kanpoaldean izango dira emanaldiak; euria egiten badu, berriz, barruan egingo dituzte.

Egitasmoaren hurrengo hitzorduak uztailaren 22an izango dira, Iruzta taldearekin, eta uztailaren 29an, Lauterdiren kontzertuarekin amaituko da aurtengo zikloa.

Iazko emanaldia argazkitan (Arg.: Martin Lores):