Herritarrek herritarrentzat sortutako 'Begiradak' ikuskizuna izango da gaur gauean, Deban

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko uztailaren 17a

Herritarrak oholtza gainean, iaz egindako emanaldiaren une batean. Arg.: Inma Alberdi

Plaza Zaharrak hartuko du Iturri Ondoan egitasmoaren baitako ekitaldia, 22:00etan.

Gaur, uztailak 17, tokiko sortzaileen Begiradak kultur ekitaldiak girotuko du Plaza Zaharra, 22:00etatik aurrera. Hamahirugarren urtez egingo dute ikuskizuna, Iturri Ondoan egitasmoaren baitan, eta, beste behin ere, askotariko begiradez eta sormenez beteriko gaua izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Guztira, hogeitik gora lagunek parte hartuko dute ikuskizunean, irudiak, hitzak, dantzak eta, besteak beste, musika emanaldi txikiak txirikordatzen. Eta, bigarren urtez jarraian, debarrak ez ezik, kanboarrak ere izango dira tartean, irudigile zein idazle lanetan; izan ere, iaz Deba eta Kanboren arteko senidetze hitzarmenaren 25. urtemuga betetzen zela eta, hango herritarrak ere batu ziren egitasmora, estreinakoz, eta hala egin dute aurten ere.

Maria Aizpurua, Nerea Aizpurua, Inma Alberdi, Jon Amutxastegi, Esti Beristain, Katty Bianchi, Manu Izagirre, Kanboko Arditeia baliabide zentroa, Xane Krackelbergh, Marlen Meurisse eta Izaskun Santosen irudiez gozatzeko aukera izango du publikoak. Eta testugileen zerrenda Iraia Agirrezabala, Goizane Aizpurua, Eider Aldalur, Rexu Arakistain, Maite Aperribai, Nekane Goikoetxea, Lilian Hirigoyen, Arantza Iriondo, Kanboko Arditeia baliabide zentroa, Kanboko Mintzalagun taldea, Xane Krackelbergh, Itzale Laka, Irati Majoral, Maialen Rosa eta Amaia Zinkunegik osatzen dute. Gainera, Kulunka Dantza Taldeak ere parte hartuko du emanaldian. Irati Albizuk sortu du, bestalde, aurtengo kartela.  

Azkenik, antzerkia eta musika

Uztailaren 3an abiatu zen Debako Udalak antolatutako Iturri Ondoan egitasmoa, euskaraz sortu eta euskaraz pentsatutako diziplina desberdinetako bost kultur ekitaldiz osatutako programazioarekin. Dagoeneko bi emanaldi egin dituzte Plaza Zaharrean: Arineketan taldearen Zaharrak berri ikuskizuna, eta Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Agin Laburu bertsolarien saioa. Eta gaur gaueko Begiradak izango da, hortaz, aurten iragarritako hirugarren hitzordua.

Egitarauak datorren ostiralean, uztailak 24, izango du jarraipena, Magma Mia antzerki konpainiaren Jo! umorezko antzezlanarekin (22:00etan); Anduriña Zurutuzak eta Beatriz Egizabalek taularatuko dute lana, Txefo Rodriguezen zuzendaritzapean, aspaldi elkar ikusi ez duten Sorkun eta Grego lagun minen paperak interpretatuz.

Eta, azkenik, Odei Barroso (Urruña, 1988) Ødei musikariaren kontzertuak itxiko du aurtengo egitaraua, uztailaren 30ean, ostegunez. Boom bap, trap eta drill estiloak bere modura uztartuz, mezu gordinez eta errima zorrotzez osatutako emanaldia eskainiko du raperoak.