Debako Gazte Asanbladak dena prest du asteburuko Galerna Festarako; bi eguneko egitaraua prestatu dute, festa eta aldarrikapena uztartuta.
Festaren helburu nagusia bere jarduna ikusgarri egitea eta kuadrillen arteko harremanak zein parte-hartzea indartzea dela nabarmendu du Gazte Asanbladak. Horregatik, herritarrak eta, bereziki, gazteak parte hartzera zein asanbladara joatera gonbidatu dituzte: "Gustatuko litzaiguke jende gehiago etortzea gaztetxera eta baita antolatzen ditugun ekintzetara; horrelako gauzak antolatzeko beti behar izaten da jendea".
Egun nagusia etzi (uztailak 18) izango bada ere, bihar (uztailak 17) hasiko dira giroa berotzen, 17:00etan hasita, Euskal Jolas frontoian egingo diren pala eta ping-pong txapelketekin.
Irudimenari saria
Etziko egitaraua 11:00etan hasiko da, baltsa-jaitsierarekin. Iaz antolatu zuten aurrenekoz, eta, harrera ona izan zuenez –hamabost bat ontzik parte hartu zuten–, aurten ere egitea erabaki dute.
Herriko kuadrillen proposamenez, bingo musikatua egingo dute etzi, bazkalostean
Parte-hartzaileak Maxpen uretaratuko dira –gaztetxe pareko eskaileretatik–, eta norberak eraikitako ontziekin arrapalarainoko bidea egin beharko dute. Lehiakortasuna alde batera utzita, eta "gauza dibertigarriagoak sustatu nahian", iragarri dute mozorrorik onena eta baltsarik apainduena sarituko dituztela aurten.
Jaitsiera amaitutakoan, karropoteoari ekingo diote, eta 13:30ean, paella lehiaketa hasiko da, zumardiko karpa inguruan. Ondoren, 15:00etan, herri bazkari autogestionatua egingo dute. Ohartarazi dutenez, aurten ez da barra-zerbitzurik izango karpan. Horregatik, edaria norberak eramateko eskatu dute.
Bazkalostean, berriz, bingo musikatua egingo dute, kuadrillen proposamenez. "Proposamenak kontuan hartzen ditugu egun hau antolatzeko, eta bingo musikatua horren adibide da. Kuadrillekin egin genituen bileretan galdetu genuen zer egin nahi zuten bazkalostean, eta ideia hori atera zen. Egokia iruditu zitzaigun". Eguna amaitzeko, 19:00etan, kalejira egingo dute, Joseto Ta Alayak etxektrotxarangarekin.
Izen-ematea, ezinbestekoa
Antolakuntza errazteko, gogorarazi dute aurrez eman behar dela izena pala, ping-pong eta paella txapelketetarako, bai eta baltsa-jaitsierarako ere; Instagramen eskuragarri dagoen Google Forms estekaren bidez egin daiteke.
Bazkarirako txartelak, aldiz, kuadrillen arteko bileretan eta asteazken akustikoetan saldu dituzte.