Debako Caritasek boluntarioak behar ditu elkartasun tonbolarako

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko uztailaren 17a

Sarituetako bat, iazko tonbolan saria jasotzen. DEBAKO CARITAS

Abuztuaren 7an zabalduko dute tonbola, eta txartelak saltzeko boluntarioak behar ditu elkarteak. Laguntzeko prest daudenek Sagarna denda zegoen lokalean eman dezakete izena. 

Azken urteotan bezalaxe, aurten ere zabalik izango da Debako Caritas elkarteak San Roke jaien bueltan antolatzen duen elkartasun tonbola; Deba herri solidarioa da lelopean iragarri dute ekimena eta, gogorarazi dutenez, “beharrizan handiena dutenei laguntzea” du helburu.

Tonbola abuztuaren 7an irekiko dute, 18:00etan botako duten txapliguarekin, eta txartel guztiak agortu arte egunero egongo da zabalik 12:00etatik 22:30era, Sagarna denda zegoen lokalean (Portu kalean).

Txartelak saltzeko eta txandak osatzeko laguntzaileak behar dituztela ohartarazi dute antolatzaileek eta uztailaren 15az geroztik abian da izen-ematea; parte hartu nahi dutenek lokalean bertan eman dezakete izena, 16:30etik 17:30era.