Guztira, hogeitik gora lagunek parte hartu zuten ikuskizunean, irudiak, hitzak, dantzak eta, besteak beste, musika emanaldi txikiak txirikordatzen. Eta, bigarren urtez jarraian, debarrak ez ezik, kanboarrak ere izan ziren tartean, irudigile zein idazle lanetan; izan ere, iaz Debaren eta Kanboren arteko senidetze-hitzarmenaren 25. urtemuga betetzen zela eta, hango herritarrak ere batu ziren egitasmora, estreinakoz, eta hala egin dute aurten ere.
Hamahirugarren urtez egin dute ikuskizuna, Iturri Ondoan egitasmoaren baitan. Maria Aizpuruaren, Nerea Aizpuruaren, Inma Alberdiren, Jon Amutxastegiren, Esti Beristainen, Katty Bianchiren, Manu Izagirreren, Kanboko Arditeia baliabide zentroaren, Xane Krackelberghen, Marlen Meurisseren eta Izaskun Santosen irudiez gozatzeko aukera izan zuen publikoak. Eta testugileen zerrenda Iraia Agirrezabalak, Goizane Aizpuruak, Eider Aldalurrek, Rexu Arakistainek, Maite Aperribaik, Nekane Goikoetxeak, Lilian Hirigoyenek, Arantza Iriondok, Kanboko Arditeia baliabide zentroak, Kanboko Mintzalagun taldeak, Xane Krackelberghek, Itzale Lakak, Irati Majoralek, Maialen Rosak eta Amaia Zinkunegik osatu dute. Gainera, Kulunka Dantza Taldeak ere parte hartu zuen ekitaldian.