GUTUNA

"Debaren kontra harriak botaz batzuk; gu aurrerabidean"

Alazne Txurruka 2026ko uztailaren 23a

Hona hemen Alazne Txurrukak BARRENA aldizkarira bidalitako idatzia.

Azken egunotan Jesus Mari Agirrezabala alkate ohiak Gudarien Plazaren berrurbanizazioari buruz egindako adierazpenak irakurri ditut. Herritarrek informazio osoa eta egiazkoa izatea merezi dutenez, zenbait argibide eman nahi ditut.

Lehenik eta behin, gogorarazi nahi dut Gudarien Plazan urte luzez egon diren harrizko monolitoak Agirrezabala alkatearen gobernuaren erabakiz jarri zirela, espaloiaren erdian. Denbora guzti honetan, herritar askok adierazi digute elementu horiek oinezkoen joan-etorria zailtzen zutela, eta bereziki irisgarritasun arazoak sortzen zizkietela mugikortasun urriko pertsonei, gurpil-aulkietan edo haur-kotxeekin ibiltzen direnei.

Gure gobernuak Gudarien Plaza berritzeko proiektuan herritarren segurtasuna, irisgarritasuna eta espazio publikoaren erabilera lehenetsi ditu. Horixe izan da hartu dugun erabakien oinarria, eta datorren astean debarrak plaza berrituaz gozatzeko moduan izango dira.

Monolitoei dagokienez, ez dira desagertu, ezta baztertu ere. Obrak egin diren bitartean modu seguruan gorde dira, artistarekin elkarlan estuan. Haien kokapen berria ere artistarekin adostu da: Anes Arrinda pasealekuan jarriko dira, ibaiaren ondoan, beren balioa eta esanahia errespetatuz eta herritar guztientzat espazio egokiago batean.

Horregatik, ez dut onartzen udalaren gardentasuna edo ondarearekiko errespetua zalantzan jartzea. Gure jarduna arduratsua izan da hasieratik bukaerara, eta hala izaten jarraituko du.

Eztabaida politikoa zilegi da, eta iritzi desberdinak ere bai. Baina herritarrek egia osoa ezagutzea merezi dute. Guk harriak lekuz aldatu ditugu, Deba irisgarriagoa, seguruagoa eta atseginagoa egiteko. Beste batzuek, ordea, badirudi nahiago dutela harriak debarron aurka botatzen jarraitu. Pena da hori, bereziki herri honetako alkate izan den norbaitengandik.

Nik argi daukat zein den nire lehentasuna: eztabaida antzuetan geratu beharrean, Deba hobetzen jarraitzea, herritar guztien onerako.

Alazne Txurruka
Debako alkatea