Debako Udalak, herriko hainbat elkarte eta eragilerekin elkarlanean, adin guztietako herritarrei eta bisitariei zuzendutako programa zabala prestatu du 2026ko San Rokeetarako. Jaiak abuztuaren 14tik 18ra bitartean ospatuko dira, eta herriko kaleak kolorez, musikaz, tradizioaz zein alaitasunez beteko dira bost egun horietan.
Gaur (uztailak 24) eguerdian egin dute aurkezpen ofiziala, eta bertan azaldu dutenez, Turismo Bulegoan eskuratu daiteke jaietako programa osoa. Zehaztu dutenez, argitalpena euro batean dago salgai, eta berau erosten dutenek doako esku-programa bat ere jasoko dute opari.
Nahi dutenek, gainera, Umeen Eguneko bazkarirako txartelak ere Turismo Bulegoan izango dituzte salgai. Bertan erosi ahalko dira, halaber, desenkajonamendurako eta zezenketetarako sarrerak ere; abuztuaren 12ra arte egingo dute aurre-salmenta. Ondoren, udaletxek azpian egongo dira salgai, abuztuaren 16an eta 18an.
Jaien hasiera ofiziala abuztuaren 14an izango da, 18:00etan, udaletxeko balkoitik botako den txapliguarekin. Aurten, Juan Carlos Sillero izendatu dute txupinazogile, Amaikak Bat kirol elkartean urte luzez egindako lan nekaezinagatik eta Debarekiko erakutsitako konpromisoagatik. "Aitorpen honekin, Udalak herriaren alde modu isilean eta eskuzabaltasunez lan egiten duten pertsonen ekarpena nabarmendu nahi izan du", berretsi du Alazne Txurruka alkateak.
Jaien aurretik, abuztuaren 13an, desenkajonamendua egingo da 18:00etan, San Roke jaien atariko ekitaldi gisa.
Debako martxaren 70. urteurrena
Alkateak aurkezpenean azaldu duenez, aurtengo San Roke jaietan bi hitzordu berezi izango dira. Alde batetik, herriko soinu-banda bihurtu den Debako Martxaren zazpi hamarkada beteko ditu aurten. Pablo Sorozabal konpositore ezagunak, hain zuzen, duela 70 urte (1956ko abenduaren 11n) oparitu zion pieza herriari.
Bestetik, Umeen Egunean, 8 eta 16 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat zezen txikien entzierroa eta enbolatuak izango direla erantsi dute; hiru urteren ondoren, berreskuratuko dute ekimena.
Berdintasunean eta errespetuan oinarritutako jaiak
Tokiko erakundeak, gainera, jaiak errespetuan eta berdintasunean oinarrituta ospatzeko deia egin du, eta indarkeria matxistarik, sexistarik, LGTBIfobikorik eta arrazistarik gabeko jaiak sustatzeko konpromisoa berretsi du.
Horretarako, abuztuaren 15ean, Sexu-Bizi babesgunea deritzona jarriko dute Zumardi parean (Lersundi kalean), 23:00etatik 02:00etara. Bertan prebentzio eta laguntza zerbitzuak eskainiko dira eta 112 SOS Deiak nahiz Udaltzaingoaren (689 12 58 89) telefonoak erabilgarri egongo dira uneoro.
Bestalde, jai egun nagusietan gaueko autobus zerbitzua eskainiko dela nabarmendu dute. Deba, Itziar eta Zumaia artean eskainiko da zerbitzu hori, jaiez era seguruan gozatzeko eta ibilgailu pribatua erabiltzea saihestu ahal izateko.