Beste urte batez, haurrak izango dira protagonista San Roke jaien bigarren egunean, abuztuaren 15ean. Antolakuntzan diharduen herritar taldeak asteak daramatza egitaraua ontzen eta, bide batez, baita haren bueltako xehetasunen berri ematen ere. Nabarmendu dutenez, egun osorako ekitaldi-sorta dakar ospakizunak, eta "egun polita izango da ume, gazte nahiz helduentzat".
Besteak beste, zezen txikien entzierroa eta enbolatuak, puzgarriak eta ur jolasak, eta Berdinki Zirku konpainiaren Mikra ikuskizuna izango dira aukeran goiz partean. Eta herri-bazkaria egingo dute ondoren, zumardiko karpan. "Iazko arrakasta ikusita, antzeko formatua izango du bazkariak. Catering zerbitzua eskainiz, paella-jana egingo dugu aurten ere; haur, gaztetxo eta familiei bideratuta egongo da, eta adingabeek helduren baten ardurapean egon beharko dute", zehaztu dute antolatzaileek. Guztira, 200 txartel jarriko dituzte salgai, Turismo Bulegoan, gaurtik, abuztuaren 3tik aurrera; 15 euroan eros daitezke –10 euroan LH6ra artekoentzat–. Eta, zehaztu dutenez, sariak zozkatuko dituzte txartela erosten dutenen artean.
70etik gora haur danborradan
Danborradan 70 ume baino gehiago irtengo dira –izen-ematea itxi bazuten ere, interesa dutenek antolatzaileengana jo dezakete–. "Partaideen janzkera urterokoa izango da, eta aurrez jakinaraziko zaie gurasoei. Haur txikienen kasuan –0-2 urte–, adibidez, aurten marinel jantzia eramango dute; hau da, arropa marraduna goian eta galtza edo gona zuria nahiz urdina behean", aurreratu dute. Osterantzean, ohi bezala, ez dira faltako kantinerak, kantineroak, sukaldariak, danbor- eta pandero-jotzaileak, zuzendaria eta abar. Ekitaldia 18:00etan hasiko da, Foruen plazan.
Berritasunik ere izango da, gainera, aurten, gurasoak danborradako kalejiran ume txikien ondoan irten ahal izango baitira. "Izan ere, gero eta parte hartzaile gutxiago eta gazteagoak ditugu eta aurreko urteetan ikusi dugu familia batzuek ume txikien ondoan joateko beharra dutela ibilbidean zehar. Guraso edo familia horiei zuri janzteko eskatuko zaie, eta kupela jo ahal izango dute, edo panderoa, pandero-joleekin baldin badoaz; seme-alabek jotzen dutenaren araberakoa izango da", aipatu dute. Ohartarazi dute, hori bai, beharrezkoa dela antolatzaileei denboraz jakinaraztea.
Abian dira dagoeneko danborradarako entseguak; uztailean egin dituzte lehenengo bi saioak, eta abuztuaren 5erako eta 12rako iragarri dituzte hurrengoak. 19:00etan elkartuko dira partaideak, Ifar kaleko Luzaro eskolan.

Jolasetarako izen-ematea
Danborrada amaitutakoan, LHko haurrei zuzendutako jolasak izango dira, eta antolatzaileek dei egin diete gurasoei, umeak ekimenean parte hartzera animatu ditzaten. Interesa dutenek labur.eus/2026koumeeneguna estekan ikusgai dagoen inprimakia bete edo debakoumeeneguna@gmail.com posta elektronikora idatzi behar dute.
Bestalde, Umeen Eguneko ekintzak aurrera eramateko boluntarioak behar dituztela gogorarazi dute; laguntzeko prest daudenek posta elektroniko horretara idatz dezakete.