Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko mobilizazioa egingo dute igandean Debako hondartzan

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko uztailaren 29a

Donostian egindako aurkezpena. SARE

Sarek eta Etxeratek deituta, Hego Euskal Herriko 11 hondartzatan egingo dituzte mobilizazioak, tartean Debako Santiago hondartzan.

Sare Herritarrak eta Etxeratek deituta, urte luzez udan antolatu ohi izan diren hondartzetako elkarretaratzeak egingo dira datorren igandean (abuztuak 2). Helmuga, denak etxera lelopean, guztira, Hego Euskal Herriko 11 hondartzatara eramango dute “konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren” alde egiteko aldarria, tartean, Debakora. 12:00etan jarri dute hitzordua Santiago hondartzan, eta antolatzaileek eskualdeko herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete.

Debakoaz gain, mobilizazioak Gipuzkoako beste bi hondartzatan eta Bizkaiko zortzi hondartzatan burutuko dira, honakoetan: Donostian eta Zarautzen Gipuzkoan; eta Bakion, Ean, Lagan, Laidan, Lekeition, Mundakan, Muskiz-Zierbenan eta Ondarroan, Bizkaian.

Deitzaileen esanetan, ekimenaren helburua da "konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde" egitea, eta "euskal gizartearen gehiengoaren nahiak eta beharrak" hondartzetara eramatea: “Ez da nahia soilik, Euskal Herriaren behar gisa identifikatzen dugu iraganeko agertokiak atzean utzi eta elkarbizitza eszenatokietan sakontzea”.

Sarek eta Etxeratek berretsi dute “helmuga” eskuratu arte lanean jarraituko dutela; hau da, “euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eskuratu arte”. Zentzu horretan, beharrezkotzat jotzen dute espetxe politika arrunta aplikatzea, oraindik erregimen itxian dauden presoak kalea zapaltzen has daitezen. Hala ere, azpimarratu dute ezin dela konponbide integralaz hitz egin, “erbesteko auziaren konponbiderik gabe”.

Urte luzez eta modu iraunkorrean udaro antolatu ohi izan duten ekimenari dagokionez, aurtengoa azkena izatea ere nahiko luketela ere azaldu dute: “Urteetan zehar antolatu dugun Hondartzeko mobilizazioak bere azken edizioa ezagutu beharko luke aurtengoan”.