Azken urteotan bezalaxe, aurten ere zabalik izango da Debako Caritas elkarteak San Roke jaien bueltan antolatzen duen elkartasun tonbola; Deba herri solidarioa da lelopean iragarri dute ekimena, eta, gogorarazi dutenez, "beharrizan handiena dutenei laguntzea" du helburu.
Tonbola abuztuaren 7an irekiko dute, ostiralez, 18:00etan, txapligua jaurti ondoren. Eta, gainontzeko egunetan, jaiegunetan barne, 12:00etatik 22:30era bitarteko ordutegian egongo da zabalik, Sagarna denda zegoen lokalean, Portu kalean.
35.200 txartel inguru jarriko dituzte salgai, euro baten truke, eta horiek guztiak agortu arte mantenduko dute zabalik tonbola. Iaz, adibidez, abuztuaren 19ko eguerdirako salduak zituzten txartel guztiak. Horregatik, herritarrei lehenbailehen joateko eskatu diete, saririk gabe gera ez daitezen.
Antolatzaileen esanetan, 3.700 bat sari zuzen egongo dira aurten jokoan. Zehaztu dutenez, askotariko 3.575 sari banatuko dituzte, eta, horiez gain, 35 urdaiazpiko –"tonbolako sari izarra"–, 35 lore-sorta, 35 gozoki-poltsa eta beste 35 pasta-kutxa eskuratzeko aukera izango da. Beste urte batez, sari zuzenen artean denetarik egongo da, hala nola haizagailuak, kafe-makinak, txigorgailuak, presio-eltzeak eta zartaginak.
Zozketa berezia, hilaren 21ean
Herriko saltokiek eta erakundeek musu-truk emandako produktuekin osatutako dozenaka sortaren zozketa berezia, berriz, abuztuaren 21erako iragarri dute, 18:00etan. Hain zuzen ere, 70 bat sari eta sorta banatuko dituzte: kirol taldeen ekipamenduak, ardo-botilak, hestebete-sortak eta bazkari nahiz afariak, besteak beste.
Boluntarioen izen-ematea
Ekimena antolatzeko, tonbolako txartelak saltzeko eta txandak osatzeko laguntzaileak behar dituztela ohartarazi dute antolatzaileek, eta uztailaren 15az geroztik abian da izen-ematea; parte hartu edo lagundu nahi dutenek lokalean bertan eman dezakete izena, 16:30etik 17:30era.