Eusko Legebiltzarrak 2026ko ekainean onetsi du zezen ikuskizunak arautzeko legearen erreforma, eta, hortaz, aldaketak izango dira aurtengo ekitaldietan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru urtean debekatuta egon dira 16 urtetik beherakoentzako zezen ikuskizunak, 2022ko irailetik indarrean den etxeko animalien ongizaterako legeak agintzen duelako animaliak tartean diren ikuskizun guztiek ezinbestean araututa egon behar dutela; eta zezen txikiekin egiten ziren ikuskizunak arautu gabe zeuden. Lege hutsune horri erantzuteko helburuarekin onartu dute, bada, erreforma hori.
Berritasun nagusietako bat zera da, 8 urtetik aurrerako adingabeek parte hartu ahalko dutela sokamuturrean eta antzeko ekitaldietan, baldin eta heldu batek lagunduta badaude edo adinez nagusiko pertsona batek gainbegiratzen baditu.
Lege berriak parte hartzaileei ez ezik animaliei ere eragingo die. Izan ere, ikuskizunetan animaliak erabiltzeko baldintza zehatzak ezartzen ditu testuak. Hala, abereek gutxienez sei hilabete eta gehienez 18 izan beharko dituzte, eta adarrak estalita edo babestuta eraman beharko dituzte, adarkadak saihesteko.
Abereen ongizatea bermatzeko neurriak ere hartu beharko dituzte, bestalde, ekitaldi horietan. Adibidez, zezen bakoitza gehienez ere hamabost minutuz erabili ahalko da, eta debekatuta egongo da animaliak "zauritzea, ziztatzea, kolpatzea, haiei heltzea eta tratu iraingarria ematea". Halakorik gertatuz gero, ikuskizuna bertan behera uzteko eskumena izango dute ekitaldiaren antolatzaileek. Haiena izango da, era berean, abereen ongizatea bermatzeko ardura.
Haurren entzierroa, 10:00etan
Iritziak iritzi, aurten ohi bezala ospatuko dira hemen ere ondo errotutako tradiziozko ekitaldiak. Horren erakusgarri izango dira hilaren 15ean 8-16 urte bitartekoentzat iragarritako benetako –eta ez kartoizko– zezen txikien entzierroa –10:00etan– eta enbolatuak. Osterantzean, 16 urtetik beherakoak ezingo dira aritu enbolatuetan, ezta 18 urtez azpikoak ere zekorren entzierroetan.