Zazpi hamarkada bete dira Pablo Sorozabal musikagile donostiar entzutetsuak Hirugarren kalez kale edo Debako martxa Ozio-Bide elkarteari adiskidetasunez eskaini zionetik. Ordutik, doinua Debako nortasunaren eta herriko jaien ezinbesteko ikur bihurtu da. Piezaren historia edo jatorria bera ez da, ordea, hain ezaguna askorentzat.
Sorozabalen eta Debaren arteko harremana 50eko hamarkadaren hasieran hasi zen. Udako egun batean iritsi zen herrira, Enriqueta Serrano emaztearekin batera, Vidriero doktoreak azken hori artatu zezan; madrildarra zen Vidriero, eta uda partean Deban egoten zen. Bisita hartan herriarekin liluratuta, handik gutxira, Vidriero doktorearen etxearen ondoko txaleta erosi zuen maisuak.
Denbora gutxian, Sorozabal erabat murgildu zen bertoko bizitza sozialean, eta harreman estua egin zuen Ozio-Bide elkarteko kideekin. Elkarteak 1946az geroztik antolatzen zuen Debako jaietako danborrada, eta Sorozabalen lagun mina zen Jose Ignacio Urbietak "konpas batzuk falta zaizkigu danborradarako" bota omen zion behin. Bada, esaldi xume baina esanguratsu hark piztu omen zion musikagileari Debako martxa Ozio-Bideri oparitzeko ideia, 1956an. Ozio-Bide polka izeneko pieza ere Sorozabalek konposatu zuen.
Sorrera, Madrilen
Hala ere, askoz lehenagokoak dira Debako martxa-ren erroak. Sorozabalek berak azaldu zuenez, lehen bertsioa Madrilen idatzi zuen, 1936an –jatorrian, txistuarekin jotzeko sortu zuen–; 36ko gerraren testuinguruan, Madrilgo Unibertsitate Hiria eta Moncloa defendatzen ari ziren euskal milizien omenez konposatu zuen. Jatorriz, Eusko indarra izenburua zuen, eta, gerora, bandarako instrumentatuta, Euskadi libre izendatu zuen. 1956. urtean, aldaketa txikiekin, Marcha de Deva bezala aurkeztu, eta Ozio-Bide elkarteari eskaini zion.
Pablo Sorozabal 1988ko abenduaren 26an hil zen, Madrilen. Baina haren izenak eta obrak Debako historiari eta jaietako tradizioei lotuak jarraituko dute.