Kardantxuloak Kantuan: bi hamarkada Marinel Eguna musikaz zipriztintzen

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko abuztuaren 5a

Kardantxuloak kantuan, iaz, jai giro betean. ANDER SALEGI

Aurten, Kalean Kantuz-en laugarren kantu-liburuxka izango dute oinarri.

Urteurren berezia ospatuko du aurten Kardantxuloak Kantuan egitasmoak. Bi hamarkada igaro dira herriko musikari talde batek Marinel Egunean euskal kantu herrikoiak berpizteko asmoz ekimena abiatu zuenetik, eta, ordutik, herritarren artean estimu handiko hitzordu bihurtu da. Urtez urte gero eta lagun gehiago biltzen dira bertan, eta sustatzaileek nabarmendu dute gazteen parte-hartzeak ere etengabe egin duela gora.

Hala ere, antolatzaileek aurreratu dute ez dutela ekitaldi handirik prestatu. "Ohiko moldean" egingo dute, Marinel Eguneko goiza eta eguerdia betiko moduan alaituz. Parte-hartzaileak 07:30ean elkartuko dira, Plaza Zaharrean, eta bazkalordura arte herriko kale eta txokoetan barrena kantuan ibiliko dira. 

Izaera irekia

Ekimenaren bultzatzaile Andima Egañaren esanetan, taldearen bereizgarri nagusietako bat bere izaera irekia da, eta, alde horretatik, edonork bat egin dezakeela azpimarratu du, dela abestuz, dela musika-tresnaren bat joz. Horregatik, herritarrak "beldurrik eta lotsarik gabe" gerturatzera animatu ditu, garrantzitsuena giro ederra sortu eta kanta herrikoiak elkarrekin abestuz gozatzea baita.

Orain arte, gitarra, eskusoinua eta perkusioa erabili izan dituzte kantariei laguntzeko, baina edozein musika-tresna ongietorria izango dela erantsi du: "Interesa duena jar dadila nirekin zuzenean harremanetan".

Bi entsegu

Marinel Egunean kantatuko duten errepertorioa errepasatu eta ahotsak berotzeko, bi entsegu prestatu dituzte. Saioak Agirre jauregiko Ispiluen gelan izango dira, abuztuaren 6an eta 11n, 19:00etan.

Ordubete inguruko entsegu horietan, Kalean Kantuz taldeak argitaratutako laugarren kantu-liburuxka erabiliko dute oinarri. Egañak azaldu duenez, argitalpen berriak 183 kantu biltzen ditu, eta Turismo Bulegoan erosi ahal izango da, 8 euroren truke. Horrez gain, entsegu egunetan bertan eskuratzeko aukera ere izango da.