Alaitz Eskudero (Neomak): "Kontzertu soil bat izango da, elkarrekin dantzatu, kantatu eta ondo pasatzeko"

Izaro Aulestiarte Lete 2026ko abuztuaren 11

Zuzenekoan ariko diren sei musikariak. Arg.: Mario Lezaun

Abuztuaren 15ean, Neomak musika talde ezaguna estreinakoz ariko da Deban; Silitia taldearen ondoren igoko dira txosnaguneko oholtzara, 23:00etatik aurrera. Alaitz Eskudero Unanue taldekide debarra elkarrizketatu du BARRENAk.

Neomak izango da aurtengo jaietan joko duten taldeetako bat. "Uda bero-bero dator, plazetan ikusiko dugu elkar" zioen mezua helarazi zuten musikariek uztailaren hasieran, eta hala dabiltza, bai, plazaz plaza, harrezkero. Kontzertuz gainezka daukate irailaren amaierara arteko agenda, eta Deban abuztuaren 15ean egingo dute geldialdia; txosnagunean ariko dira, doan. Silitia taldearekin partekatuko dute agertokia, 23:00etatik aurrera.

Leire Etxezarreta Learretak, Irati Gutierrez Artetxek, Garazi Otaegi Lasartek eta Alaitz Eskudero Unanue debarrak osatzen dute Neomak; azken hori elkarrizketatu du BARRENAk, kontzertua aitzakia hartuta.

Urtebete oholtzetatik kanpo egon ondoren, iaz kaleratu zuen Neomak taldeak bigarren diskoa, Lazturak orbain (Airaka, Balaunka). Eta lan berriaren aurkezpen-kontzertuak amaituta, gogotsu ekin die udako kontzertuei. Nola daramazue uda?

Egia esan, oholtzarik oholtza daramagu uda, nekatuta eta bihotza beteta. Ezagutu ditugu orain arte ezagutzen ez genituen jaialdiak eta herriko plazak, eta badatoz gehiago...

Nola hartu zaituzte orain arte?

Bigarren lanarekin, aurrekoaren erreferentzia bagenuen ere, saiatu gara espektatibak alde batera uzteko ariketa egiten, momentukoaz gehiago gozatzeko. Erronkarik handiena zuzeneko formatu aldaketa izan da, estudioan ekoitzitako instrumentuak eta soinuak zuzenean gauzatzea. Horretarako, bi musikari batu zaizkigu [Eider Villalba eta Etxahun Urkizu], eta banda forma eman diogu taldeari. Indarra eta freskotasuna eman dizkigu horrek. Uste dut publikoak ere jaso duela hori.

Hamazazpi bat zuzeneko uztailetik irailera bitartean. Erraz esaten da…

Bai... Ez da erraza musikaren industriaren zurrunbiloan ez erortzea. Saiatzen gabiltza, horren kontziente izanda, erritmoa gu markatzen; udan agenda bete arren, gure atsedenaldiak errespetatzen. Pribilegiatuak sentitzen gara proiektua ematen ari zaigun aukera honengatik. Lan, esfortzu, neke, denbora… asko eskaintzea eskatzen duen arren, kontzertu bakoitzean oroitarazten digu publikoak zergatik merezi duen.

"Pribilegiatuak sentitzen gara proiektua ematen ari zaigun aukera honengatik"

Zuzenekoen zerrendan plaza handiak daude: Iruñea, Gasteiz eta Donostia, besteak beste; baita agertoki xumeagoak ere: Soraluze, Aretxabaleta eta Deba, adibidez. Zer nahiago, eszenatoki handiak ala txikiak? Non gusturago?

Bietatik probatzeko zortea dugu. Eszenatokiaren tamainak baino publikoaren berotasunak neurtzen du gehiago gozamena. Bakoitzak du berea.

Zu zeu, Alaitz, etxean bertan [Deban] ariko zara aurtengo festetan. Lehenengo aldia izango da? Zer sentsaziorekin zaude?

Bai, abuztuaren 15ean txosnagunean izango gara Neomak lehenengo aldiz. Beti ematen du errespetu puntu bat hainbeste aurpegi ezagunen aurrean jotzeak. Gogoa gailentzen da, ordea, herriari kantatzeko.

Zer-nolako kontzertua izango da? Zer aurreratu dezakezue? 

Gure bi lanetako kantuak eta bertsioren bat biltzen ditu zuzenekoak. Kontzertu soil bat izango da, elkarrekin dantzatu, kantatu eta ondo pasatzeko.

Atsedenaldirik hartuko al du Neomakek uda ostean? Zer asmo aurrera begira? 

Udako erritmoa jaitsiko dugun arren, momentuz bira luzatzea eta bigarren lan honek ekarriko digunaz gozatzea da asmoa.