Juan Carlos Sillero: "Betidanik gustatu izan zaizkit festak, eta aurten ere horretan saiatuko naiz"

Nerea Bedialauneta Alkorta 2026ko abuztuaren 12a

Juan Carlos Sillero, jaietako zapi gorri bat eskuetan.

Aurten, Juan Carlos Sillero izendatu dute txupinazogile, Amaikak Bat kirol elkartean urte luzez egindako lan nekaezinagatik eta Debarekiko erakutsitako konpromisoagatik.

16 urte besterik ez zuela iritsi zen Debara Juan Carlos Sillero (Cee, Coruña, 1954), eta, harrezkero, ia bizitza osoa eman du udalerriko kirol-mugimendua eta elkartegintza sustatzen. Urte horietan guztietan egindako lanari aitortza egiteko asmoz, Debako Udalak hari eman dio aurten San Roke jaiei hasiera emango dien txapligua pizteko ohorea. Keinu horren bidez, hamarkada luzez herrian kirolaren alde egindako lan nekaezina eta dedikazioa eskertu eta aitortu nahi izan dizkio Udalak.

Aurten zuk izango duzu jaiei hasiera emango dien txapligua botatzeko ardura. Zer da hori zuretzat?
Izugarrizko poza eman dit Debako Udalak urte hauetan guztietan herriko kirolaren alde egindako lana aitortu izanak. Besteak beste, Bordatxo Eskubaloi Klubaren eta Atletismo Eskolaren sortzaileetako bat izan nintzen, eta azken horretan emaitza oso onak lortu genituen. Horrez gain, Amaikak-Bati estuki lotuta egon naiz, txirrindulari zein futbol arloan; adibidez, futbol-zelaiko mantentze-lanetan eta beste hainbat zereginetan ibili izan naiz.

Eta nola jaso zenuen albistea?
Ezusteko ederra hartu nuen: telefonoz eman zidaten albistea, eta hasieran ezin nuen sinetsi; une hartan, harrituta geratu nintzen. Gero, ordea, alkatearekin hitz egin nuen, eta oso pozik geratu nintzen. 

Hamarkada luzez herriko kirolaren eta elkartegintzaren alde egindako lanaren aitortza da hau. Zer esan nahi du zuretzat hainbeste urtetako dedikazioa publikoki aitortzeak?
Oso eskertzekoa da. Horrek erakusten du, behintzat, norbait badagoela atzean gaudenok egiten dugun lan isil horretaz guztiaz ohartzen dena.

"Nik esango nukeen gauza bakarra oso sinplea da: jaiak ahalik eta ondoen pasa ditzatela eta goza dezatela"

Ohorea izateaz gain, ardura handia ere bada aurten egokitu zaizuna. Abuztuaren 14a ate-joka dugula, nola zaude momentu horren aurrean, urduri ala lasai?
Egia esan, lasai nago; izan ere, berez, oso pertsona lasaia naiz.

Norbaitekin partekatu nahiko zenuke une berezi hori?
Bada pertsona berezi bat, zoritxarrez jada gure artean ez dagoena eta asko gogoratzen dudana: Juanjo Basurto Mañas. Denbora asko igaro genuen elkarrekin, eta, bizirik balego, asko gustatuko litzaidake une berezi hau harekin partekatzea. 

Udaletxeko balkoira igotzen zarenean, ezer berezirik esateko asmorik baduzu?
Ez; nik suziria piztuko dut. "Gora San Roke!" eta horrelakoak esateko Josu Azkotia Azkoitxi dago, urtero San Rokeri zapi gorria ipintzen diona.  

Behin txapligua botata, nola biziko dituzu aurtengo sanrokeak? Bada urtero hutsik egiten ez duzun ekitaldi edo une bereziren bat?
Betidanik gustatu izan zaizkit festak, eta aurten ere horretan saiatuko naiz. Gaztetan, esaterako, zerbitzari ibili nintzen Monreal hotela zen hartan, eta hango lanak amaitutakoan parrandan jarraitzen genuen; kar-kar-kar. Urtero hutsik egiten ez dudan ekitaldietako bat zezenak dira; asko gustatzen zaizkit. Badira gustuko ditudan beste hainbat ekitaldi ere; tartean, danborrada. Jaiak hasten diren egunean, esaterako, emaztearekin joango naiz.

Mezu berezirik helarazi nahi diezu herritarrei?
Nik esango nukeen gauza bakarra oso sinplea da: jaiak ahalik eta ondoen pasa ditzatela eta goza dezatela; ez dadila inolako ezbeharrik egon, ezta erasorik edo bortxaketarik ere. Azkenaldian, zoritxarrez, horrelako gauzak maiz entzuten dira eta.