"Euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria" aldarrikatu dute Debako hondartzan

Barrena 2026ko abuztuaren 2a

Gaur eguerdian, mobilizazioak egin dituzte hego Euskal Herriko 11 hondartzatan, tartean, Deban. "Helmuga, denak etxera" lemapean, dozenaka herritarrek eskatu dute legedi arrunta ezarri eta preso, iheslari eta deportatuen auziari "behin betiko konponbidea" ematea. Argazkiak: Sare. 

Sarek deituta, ehunka herritarrek parte hartu dute gaur hego Euskal Herriko hondartzetan egin dituzten mobilizazioetan: Bakion, Deban, Ean, Lagan, Laidan, Lekeition, Mundakan, Muskiz-Zierbenan, Ondarrun eta Zarautzen. 

Sarek azaldu duenez, mobilizizazioek helburu argia izan dute: "gaurkoa izatea mobilizatu beharreko azken aldia. Horrek erakutsiko lukeelako legedia arrunta aplikatu dela eta udan hondartzetan mobilizatu beharrik ez duen euskal gizarte bat". 

Sarek jakinarazitako datuen arabera, gaur egun, "45 presok jarraitzen dute erregimen itxian, 13 iheslari daude urte luzez erbestean dirautenak eta 3 pertsona daude deportatuta". Mugimenduaren ustez, presoek "kalea zapaltzen hastea eta iheslari eta deportatuen auziari konponbidea ematea dira elkarbizitzari eta etorkizunari begira jartzeko bidea". Sareren esanetan, horixe da euskal gizartearen gehiengoak nahi duena.   

Azkenik, urtarrilaren 9an Bilbon egingo duten manifestazioa iragarri eta  herritarrei bertan parte hartzeko dei egin die Sarek: "Inoizko esfotzurik handiena egingo dugu Helmuga bat gurutzatu nahi dugula irudikatzeko. Euskal prreso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herri bat ezaugutu nahi dugula aldarrikatzeko, Dagoeneko gehiegi luzatu delako, urtarrilaren 9an, Euskal Herria Bilbora".