Egun betea izan dute gaur Deban, San Roke egunez

Barrena 2026ko abuztuaren 16a

Bete-beteko eguna izan dute gaur Deban, jaietako egun handia, San Roke eguna, ospatzeko. Entzierroa, erraldoiak, ezpata-dantza, kantua, jan-edana, zezenketak, bertsoak, erromeria, suak eta mariatxiak. Argazkiak eta bideoak: Ander Salegi.  

Goizean entzierro jendetsua eta bizkorra egin dute eta ostean, bigantxak askatu dituzte zezen plazan. Jarraian, udal korporazioa prozesioan atera da San Roke santuarekin, Gure Kai-ko dantzariekin eta erraldoiekin batera eta ermitaraino igo dira.

Han dantzariek ezpata-dantza dantzatu diote santuari eta kantatu ere bai mezetan, (bideoan, Jesus Mari Aranberri kantari).

Mezaren ostean, Peña Lunes taldekoek hamaiketakoa eskaini dute ermitaren ondoan.

Azkenik, herrira jaitsi dira eta herrian Gure Kai-ko dantzariek aurreskua dantzatu diote udal korporazioari.  

Arratsaldean, zezenketa egin dute zezen-plazan. Kanpoan herritar talde batek "Zezenketarik ez" lemapean zezenketen kontrako elkarretaratzea egin duen bitartean, barruan, plaza ikuslez beterik zela, Manuel Leon eta David Cob Badajoz eta Palentziako toreatzaileek Puerto de San Lorenzo ganadutegiko zezenak toreatu eta hil dituzte. Aipatzekoa da, gaur Aiert Albak urte luzez plazako torilero izan den herritarrak bete dituela presidente funtzioak. Udaletxeko balkoian izan da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Barne Sailburua ere, gonbidatu gisa.  

Iluntzean, bertso-saioa, erromeria eta su-festak izan dira, eta amaitzeko mariatxien kontzertua. 

Bihar, Marinel eguna

Bihar, astelehena, San Roke jaietako azken aurreko eguna ospatuko dute Deban: Marinel eguna. Goizean goizetik, kantari aterako dira kalera eta egunean zehar izango dira, besteak beste: Jorrai dantza, bazkaria, enbolatuak, koadrilen arteko jokoak, su-festak, Larrain dantza eta Skaregekasko eta Malakias taldeen kontzertuak Zumardiko karpan.