Ikasturte berriarekin batera, Debako Udalak 2026-2027 ikasturterako aisialdi eta eskolaz kanpoko jardueren udal eskaintza aurkeztu du. Nabarmendu dutenez, helburua da adin desberdinetako herritarrei aisialdiaz gozatzeko, sormena lantzeko eta harremanak euskaraz garatzeko aukerak eskaintzea.
17 urtetik gorako gazte eta helduei zuzendutako Gozatuz programak protagonismo berezia hartuko du aurten ere. Udal iturriek azpimarratu dutenez, aurten ere, aisialdi gozagarri bat nahi dute eskaini euskaraz eta, horretarako, askotariko kultur jarduerak antolatu dituzte. Gaineratu dutenez, "emaitzari baino gehiago, prozesu sortzaileari begiratzen dion" eskaintza bat eskaini nahi dute.
Saioak urrian hasiko dira eta, programazioak, ohi bezala, ikasturte osoa hartuko du. 17 urtetik gorakoentzat hiru ikastaro eskainiko dira:
- Tailla (246 euro ikasturtea): ostegunetan (16:00-18:00/18:00-20:00).
- Zeramika (277,20 euro ikasturtea): astelehenetan (10:00-12:00/16:00-18:00/18:00-20:00).
- Defentsa pertsonala (158 euro ikasturtea): ostiraletan 19:00etan.
Hiru jarduera horiez gain, literaturaren zaleentzat idazketa sortzailea deritzon ikastaroa ere antolatu dute. Kasu honetan, tailerra otsailaren 20an eta 27an goizean burutuko diren bi saioz osatuta egongo da.
Udalak gogorarazi duenez, taldeak abian jarri eta aurrera egiteko ezinbestekoa izango da gutxieneko partaidetza lortzea: zortzi laguneko taldea gutxienez taillan, zeramikan eta defentsa pertsonalean, eta sei lagunekoa idazketa sortzailearen kasuan. "Beraz, aukera gehiago markatuz gero, aukera gehiago izango dira taldea osatzeko".
Eskolaz kanpoko udal eskaintza
Urtero bezala, 17 urtetik beherako haur eta eta gaztetxoek ere aukera zabala izango dute urritik aurrera, beren trebetasunak garatzeko. Honakoa da eskaintza:
- Antzerkia (LH3-DBH4): astearteetan (16:30-18:00/18:00-19:30) edo ostegunetan (16:30-18:00/18:00-19:30).
- Dantza urbanoa1 (LH3-LH6): astearte eta ostegunetan (16:15-17:00).
- Dantza urbanoa 2 (DBH1-Batxilergoa 1): astearte eta ostegunetan (17:00-18:00).
- Pintura (LH2-DBH4): asteazkenetan (16:15-17:45/17:45-19:15) edo ostegunetan (16:15-17:45/17:45-19:15).
- Sukaldaritza (LH5-DBH4): astearteetan (17:00-19:00) edo asteazkenetan (17:00-19:00).
- Defentsa pertsonala (DBH1-Batxilergoa 1): astelehen eta asteazkenetan (16:15).
- Idazketa sortzailea (DBH1-Batxilergoa 1): otsailaren 8an eta 15ean (17:00-19:00/18:00-20:00).
Programazioak, horrez gain, Deba-Itziarko multikirola eta eskola kirola (LH1tik LH6rakoentzat), gazte fitnessa (DBH1etik Batxilergoa1ekontzat), musika eta dantza ikastaroak eta Gaztelekuko eskaintza propioa ere barnebiltzen ditu. Zehaztu dutenez, arlo horiek guztiek beren jarduera- eta informazio-kanal propioak izango dituzte xehetasun guztiak zabaltzeko.
Izen-ematea
Ikastaroetan izena emateko azken eguna irailaren 20a da. Matrikula egiteko fitxa udal liburutegian, udaletxeko harrera bulegoan edo turismo bulegoan eskuratu daiteke eta, bete ondoren, hiru leku horietako batean aurkeztu beharko da. Nahiago dutenek, gainera, Internet bidez ere egin eta bideratu dezakete eskakizuna (17 urtetik gorakoentzako eskaintzan izen-ematean izena emateko egin hemen KLIK, haur eta gazteentzako eskaintzan izena emateko egin hemen KLIK ).
Zalantzarik izanez gero edo argibide gehiago behar izanez gero, 943 60 80 48 telefono zenbakira deitu daiteke.