"Oso egun polita izan zen, saskibaloi zaleak eta Debasketen familia elkartu eta adin guztietako jende pila bat bildu ginen festan. Hamar urtean jende asko pasa da klubetik eta ederra izan zen denok, lehengoak eta gaur egungoak, bertan elkartzea", nabarmendu dute zuzendaritza taldeko kideek herenegun, irailaren 5ean, ospatutako festaren ondorenean.
Eguraldia lagun, goizean 3x3 saskibaloi partidak jokatu zituzten zumardiko kioskoaren parean, hitzordurako propio ekarritako pista profesionalarekin, eta pozarren azaldu dira antolatzaileak. "Barre asko egin genuen; haurrak, neska-mutil gazteak, helduak... aritu ziren jokoan eta oso partida interesgarriak eta serioak izan ziren tartean. Gainera, saskibaloia herri erdira ekartzea ere oso interesgarria da, bai Debasketentzat, ikusgarritasuna ematen digulako, bai herriarentzat orokorrean, eta ederra izan zen", nabarmendu dute.
Klubaren materiala saltzeko postua ez ezik, Ander Salegiren irudiekin osatutako argazki bilduma ere jarri zuten zumardian; Debasketen lehenengo urteetako irudiak izan ziren bertan ikusgai. Eta, ondoren, talde argazki jendetsua atera zuten, karpako herri bazkariari hasiera eman aurretik. Antolatzaileen esanetan, "primeran" joan zen otordua bera ere: "180 bat lagun batu ginen bazkarira. Jende guztia azaldu zen laguntzeko prest eta antolakuntza aldetik oso ondo irten zen guztia, familia giroan une oro. Barra ere jarri genuen eta bertan Fatimak eta Igotzek egindako lana nabarmendu nahi genuke, egun osoan aritu baitziren lanean".
Bazkalostean, ekitaldia
Bazkaldu ondoren, ekitaldi xumea egin zuen Debasketek karpan bertan. Besteak beste, hamar urteotako bidearen errepasoa egiteko baliatu zuten ekitaldia, klubaren eta hark egiten duen lanaren garrantzia azpimarratuz.
Bestalde, omenaldia egin zieten Debasketen sortzaile Roke Arantzamendiri eta Ander Albizuri, hamar urteotan egindako lanari eta esfortzuari aitortza eginez; lore-sorta bat eta opari bana jaso zuten zuzendaritza taldea oraintsu utzi duten bi debarrek. Eta, iaz bigarren mailara igotzea lortu zuen gizonezkoen senior taldearen ibilbidea ere ospatu zuten urteurren festan; jokalariek hitza hartu zuten oholtzan. "Iazko denboraldia nola joan zen, aurtengo denboraldiaz zer espero duten... aipatu zuten. Bide batez, herrian saskibaloian jokatzeko aukera izatearen garrantzia nabarmendu zuten, hori zaindu egin behar dela eta kluba guztion artean aurrera atera behar dela gogoraraziz", laburbildu dute.
Arratsaldeko saskibaloi partiden ondoren, DJ Miren Gisasolak alaitu zuen festa giroa.
Pozarren daude antolatzaileak, "errepikatzeko moduko festa" izan zela iritzita. "Oso polita izan zen. Helarazi nahi genuen mezua zabaldu genuen, Debasket familia bat dela, kluba guztiok egiten dugula eta denon lana beharrezkoa dela azpimarratuz. Gure iritziz, hori argi gelditu zen larunbatean, eta sentimendu alaiarekin geratu gara, beste hamaika urtez saskibaloian jokatzeko indarrekin eta pozik", aipatu dute. Bide batez, urteurren ospakizunez harago, honakoa ere erantsi dute: "Jakin dezala mundu guztiak hemen gaudela. Kiroldegira gerturatuz gero, Debasket bizirik eta martxan ikusteko aukera dauka jende guztiak, eta ez debarrek bakarrik; izan ere, Mutrikun eta Mendaron ere topera gabiltza saski eskoletan, eta mendaroarrek eta mutrikuarrek ere osatzen dute gaur egun Debasket".