Lau egunez, Deba Euskal Herriko animazio-zinemaren, publikoaren, sortzaileen eta industriaren arteko topagune nagusi bihurtuko da, beste behin, Animadeba jaialdiari esker. Asteazkenetik larunbatera (irailak 9-12), mundu osoko egileek parte hartuko duten Nazioarteko Film Laburren Lehiaketa, film luzeen emanaldiak, Animadeba Lab (arlo profesionaleko jardunaldiak) eta askotariko kultur ekitaldiak hartuko ditu herriak.
Gaur (irailak 7) egin dute aurtengo jaialdiaren aurkezpen ofiziala, eta bertan nabarmendutakoaren arabera, adimen artifiziala puri-purian dagoen garai honetan —eta bilakaera teknologikoari bizkarra eman gabe—, animazio analogikoa aldarrikatuko du jaialdiak: artisau-sorkuntzako prozesuak eta lanbidearen zaintza balioan jarriko dituzte, hain zuzen.
41 lan lehian
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten 1.457 lan jaso dituzte munduko 130 herrialdetatik; horietatik 41 hautatu dituzte lehiaketan parte hartzeko. Hamar Sail Ofizialean arituko dira; horiez gozatzeaz gain, zinemagileekin solasean jarduteko aukera ere izango da. Besteak beste, hautatutakoen artean dira Theodore Usheven La Vie Avec Un Idiot eta Bea Lemaren El cuerpo de Cristo —azken hori zuzendariaren lehen lana da, eta oihartzun handia izaten ari da—. Aukeraketan, gainera, animazio analogikoaren aldeko "apustu argi bat" egin dela nabarmendu nahi izan dute.
Berritasun gisa, Animatxiki izeneko sail berria jarri dute aurten martxan
Lehia barruko EHUko Zuzendari Berriak sailean —zinemagile emergenteen proposamenak ikusarazteko saila—, berriz, beste hamar lan ariko dira lehian. Eta lehiaketaz kanpoko Panorama sailean, aldiz, Semiotic of the Kitchen bezalako lan azpimarragarriez gozatu ahal izango da.
Honakoak dira proiekzio nagusien hitzorduak:
-
EHU Zuzendari Berriak: Ostegunean (irailak 10), 19:00etan, Kutxa Zurian.
-
Sail Ofiziala I: Ostiralean (irailak 11), 19:00etan, Kutxa Zurian.
-
Sail Ofiziala II: Larunbatean (irailak 12), 19:00etan, Kutxa Zurian.
-
Saio Berezia: Irailaren 15ean, 19:00etan, Donostiako San Telmo Museoan.
Animadebak etorkizuneko ikuslea sortzearen garrantzia azpimarratu du, eta, horretarako, Animatxiki izeneko sail berria jarri dute martxan Mendata eta Luzaro ikastetxeekin elkarlanean. 7 eta 8 urte arteko haurrentzako tarte horretan hamar film laburrek hartuko dute parte.
Epaimahaia eta gonbidatuak
Hiru aditut erabakiko dute aurten zeintzuk izango diren Sail Ofizialeko eta EHU Zuzendari Berriak saileko irabazleak: Vienan bizi den Lara Bellon ikertzaile artistiko, zinema-programatzaile, irakasle eta kultur langileak; Špela Čadež animaziozko zinemako zuzendari eta ekoizle esloveniarrak, eta Hugo Covarrubias stop-motion animazioan espezializatutako ikus-entzunezko eta antzerki zuzendari txiletarrak.
Hain zuzen ere, azken bi horiek izango dira aurtengo jaialdiko gonbidatu bereziak. Haien atzerabegirakoak asteazkenean (irailak 9), 18:00etan, proiektatu dituzte Kutxa Zurian. Horrez gain, Animadebak urtero gonbidatzen du ikus-entzunezkoen jaialdi bat berera, eta, aurten, Vienan egiten den Tricky Women Tricky Realities jaialdiaren txanda izango dela iragarri du. Larunbatean (irailak 11), 17:00etan hasita, bertako lanen aukeraketa bat proiektatuko dute.
Aurten Jose Luis Agreda ilustratzaile eta zuzendari artistikoak jasoko du EITB Sari berezia
Berritasun gisa, Mendata ikastetxearekin batera sortutako Epaimahai Gaztea ere estreinatuko dute aurten: "Debako gazteek lehiaketako film bati emango diote sari berezia".
EITB Saria eta gala berezia
Hirugarren urtez jarraian, euskal animazioaren ibilbidea ikusarazteko eta saritzeko sortutako EITB Saria ere banatuko dute. Ostiralean (irailak 11), 21:00eta Kutxa Zurian egingo den EITB Galan banatuko dute saria, eta aurten Jose Luis Agreda ilustratzaile eta zuzendari artistikoak jasoko du errekonozimendua. Galaren baitan, gainera, sarituak arte zuzendaritza gisa egin duen Dekoratua film luzea ere emango dute.
Film laburrez haratago, lan luzeek ere protagonismo handia izango dute. "Aurten ere estreinaldi baten aldeko apustu garbia egin dugu, baita zinemagileen presentziaren alde, egileen eskutik filma hobeto ezagutzeko helburuarekin". Lau lan eskainiko dituzte guztira, egunean bana: Mambi Jumbo haurrentzako animaziozko ekoizpena, Petit Cabash nazioarteko bidea egin ostean Deban geldialdia egingo duen film europarra, Alberto Vazquezen Dekoratua film arrakastatsua eta O Filho da Puta (Son of a Bitch) lan brasildarra.
Arlo profesionala, tailerrak eta masterclassak
Industriari eta prestakuntzari eskainitako espazioen baitan, Work In Progress (WIP) saila ere izango da jaialdian. Garapen bidean dauden 26 proiektu aurkeztuko dituzte bertan, eta Mikel Ruedak, Jose Luis Agredak eta Miren Aperribayk osatutako epaimahai propioa izango du. Halaber, gai ezberdineko hamar bideo-jokoren azterketa teknikoa jorratuko dute Kasu Azterketetan (Case Studies).
Ohi bezala, musika eta bestelako ikuskizunek ere girotuko dute astea
Animadeba LAB atal profesionalaren barruan, bestalde, jaialdiaren 19. edizioak lan-saio eta masterclass programa zabala eskainiko du. Iragarri dutenez, nazioarteko erreferenteen eskutik ikus-entzunezko industriaren erronka eta teknika nagusiak aztertuko dituzte bertan.
Ohi bezala, musika eta bestelako ikuskizunek ere girotuko dute astea. Besteak beste, Sara Zozaia, Maskak, Sua eta beste hamaika artista eta DJ hartuko ditu egitarauak. Horrez gain, La Bobina podcastaren emanaldia eta Alvina Stardusten zein Divina Comediaren eskutik bingo berezia ere izango da.