Harrera beroa izan zuen Zurrunbilo Ur Kirol Elkarteak pasa den ostiralean egindako ekitaldi bereziak, eta gustura azaldu dira antolatzaileak, "oso giro polita" sortu zela nabarmenduz.
Bada, lepo bete zen Kultur Elkarteko aretoa Zurrunbilok autoekoiztutako Debako surfaren historia 1980 eta 2026 artean fanzinearen aurkezpenean; 100dik gora lagun bertaratu ziren hitzordura. Ander Tolosa Urcelayren testuekin eta argazkiekin osatutako argitalpenak elkartearen historia eta surfak urte hauetan guztietan Deban izan duen bilakaera biltzen ditu, eta egilea bera ere izan zen agertokian.
Era berean, ikusmin handia sortu zuen aurkezpenearen ondoren egin zuten Surfa lehen eta orain izenburuko solasaldiak berak ere; Iñigo Galarraga, Irene Txurruka, Sabas Bedialauneta eta Jon Egaña tokiko surflariak aritu ziren hizlari, beren iritziak trukatuz eta esperientziak partekatuz, eta Miren Artetxek egin zituen moderatzaile lanak. Orotara, ordubete inguru iraun zuen ekitaldiak.
Ondoren, beste pare bat orduz, Iskra Selectors-en binilo pintxadak girotu zuen Kultur Elkarteko plazatxoa. Bertan, merchandising postua ere jarri zuen Zurrunbilok.