Zabalik dago Nesken Binakako XIV. Pala Txapelketan izena emateko epea

Izaro Aulestiarte Lete

Deialdia 16 urtetik gorako palistei zuzenduta dago, eta izen-ematea irailaren 20ra arte egongo da zabalik.

Egunotan zabaldu du Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak Nesken Binakako XIV. Pala Txapelketa-XI. Maite Etxeberria Memorialean izena emateko epea. Deialdia 16 urtetik gorako palistei zuzenduta dago, eta izen-ematea irailaren 20ra arte egongo da zabalik. Azken urteotan bezala, bi maila egongo dira aukeran: lehen eta bigarren mailak.

Interesa dutenek 685 75 50 74 telefono-zenbakira deitu edo idatzi beharko dute, eta bikoteko 30 euroko kuota ordaindu. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, izen-ematea bikoteka egin behar da eta bikote bakoitzak zehaztu beharko du zein mailatan parte hartu nahi duen txapelketan. Hori bai, bikoteak ezingo dira egon bi palista federatuz osatuta.

Urritik abendura

Urrian hasi eta abenduan amaituko da aurtengo txapelketa. Zehaztu dutenez, neurketak Aldats pilotalekuan jokatuko dituzte, ostegun iluntzeetan eta igande goizetan. Dena den, aurrerago zehaztuko dute egutegia.

Izen-ematea zabaltzearekin batera, ekimenean parte hartzeko gonbita egin du, beste behin ere, Iruleak taldeak. Iaz, hemeretzi bikote aritu ziren lehian: bederatzi lehen mailan eta hamar bigarrenean.