Saioara mendi irteera bateratua antolatu dute iganderako Debatik

Nerea Bedialauneta Alkorta

Autobusa 07:30ean irtengo da Debako autobus geralekutik. Gaur (irailak 10) da izena emateko azken eguna. 

Ikasturteari hasiera emateko mendi irteera bateratua antolatu dute Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak. Antolatzaileek iragarri dutenez, Saioa (1.418 metro) mendira igoko dira igandean (irailak 13).

Artesiagatik abiatu eta 15,66 kilometroko ibilaldia egitea proposatu dute antolatzaileek. Jakinarazi dutenez, mendizaleek 777 metroko desnibel positiboa eta 1.500 metroko desnibel negatiboa gainditu beharko dituzte Iruritara iritsi bitartean. Tartean, gainera, Saioa (1.418 metro) eta Abartan mendietatik ere igaroko dira.

Bertan parte hartzeko interesa dutenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita eman dezakete izena; horretarako azken eguna gaur (irailak 10) da. Irteeraren prezioa 15 eurokoa da bazkideentzat, eta 17 eurokoa gainerakoentzat. Beti bezala, autobus zerbitzua ere egongo da; igandean 07:30ean abiatuko da autobusa geralekutik.